Uztailean egingo da zortzigarren kanpaina arkeologikoa Elexazargo erromatar aztarnategian

6 Uztaila 2018

Zeregin horietan borondatez eta modu altruistan parte hartu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: elexazar@gmail.com.

Uda honetan indusketa arkeologikoen beste kanpaina bat egingo da Amurrioko Elexazargo aztarnategian. Horregatik, proiektuaren zuzendaritzak, Udalarekin lankidetzan, Elexazargo erromatar garaiko kokalekuan garatuko den zortzigarren kanpaina honetan parte hartu nahi duten adin nagusikoei dei egin die. Uztaileko lehen hamabostaldian egun batean edo gehiagotan parte har dezakete. "Lanok borondatezkoak eta altruistak dira, eta gure historiari buruz ikertzeko interesa duten pertsonak elkartzea du helburu", adierazi du Juanjo Hidalgok, Elexazargo indusketen zuzendariak.

Metodologia zientifikoa

"Parte hartzeko baldintza bakarra ikasi nahi izatea eta gure ingurune hurbileneko galdutako historiaren zati bat ezagutzeko ilusioa izatea da. Historia hori metodo zientifiko bati jarraituz berreskuratu behar dugu, pazientziarekin eta ahalegin fisikoa eginez, baina erabateko gogobetetzea ekartzen du". Esperientzia honetan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute helbide elektroniko honetara: elexazar@gmail.com. Mezuan beren datuak eta harremanetarako datuak jarri beharko dituzte, eta egokitzat jotakoa erantsi. Ondoren, antolakuntza haiekin harremanetan jarriko da, eta interesdunei azalduko zaie proposatzen den jarduera arkeologikoak zer ezaugarri dituen eta nola garatuko den.

Eginiko kanpainetako jarduerak

Amurrioko Elexazar inguruan aurreko kanpainetan eginiko hondeaketei esker, 2009. urtetik aurrera, hauek identifikatu ahal izan dira, multzo zabalago batean: oin konplexuko eraikin bat (C1), eraikuntza-fase ezberdinetan estantziak edo esparruak segidan gehitzearen ondorioz sortutakoak; bigarren eraikin bat (C2), erabat hondeatuta; hirugarren bat (C3) (honi buruz ez dakigu ezer); eta azken eraikin bat bat (C4), oso suntsitua eta nahiko ezezaguna jatorrizko planoari eta funtzionalitateei dagokienez. 2017ko esku-hartzea muinoaren zatirik altueneko bi sektoretan ardaztu zen, benetako tamaina eta erabilerak zehazteko helburuarekin. Hala ere, emaitzak ez ziren oso onak izan, ia desagerrarazitako egituren kontserbazio urriagatik. Azken alderdi hori dela eta, hondeaketarekin jarraitu zen C3 eta C4 arteko espazio zabal batean, emaitza onekin. Hortaz, 2018. urte honetan bukatu gabeko lan horrekin aurrera jarraitu nahi da; esperantza handiak jarri dira bertan. Antolatzaileak interes handiarekin itxaroten ari dira lan-kanpaina berriaren hasiera. Helburu nagusia izango da 3. Eraikuntzako esparru angeluzuzen handia erabat hondeatzea, bere benetako tamaina, konpartimentuak (halakorik balego) eta funtzionalitatea ezarri ahal izateko. Alde horretatik, lan-hipotesia da egitura hori Elexazarreko ukuiluen eremuarekin identifikatu ahal izatea; hau da, etxeko abereak (ziurrenik, behiak) gordetzeko esparru estaliarekin. Hori dela eta, lur-laginak hartu nahi dira, haien pH (H20), materia organiko eta P asimilagarriaren edukia aztertu ahal izateko eta, hala, ongi oinarritutako hipotesiak landu ahal izateko informazio fidagarria lortzeko. Nolanahi ere, aztarnategiarekiko interesak bizirik dirau, eta oso garrantzitsua izan daiteke landako kokaleku mota hauei buruzko ezagutzak areagotzeko, zientziarentzat erabat ezezagunak baitira.