Urtean, galdutako 200 objektu inguru uzten dira Amurrioko Udaltzaingoaren bulegoan, eta guztien % 40 bakarrik eskatzen dute.

10 Ekaina 2019

Aurkitutakoari buruzko informazio zehatza sare sozialetan ez ematea gomendatzen da.

Amurrioko Udaltzaingoaren bulegoan, galdutako objektuak jaso eta emateko zerbitzua dago. Nahiz eta objektuek balio ekonomiko handirik ez daukaten, baliteke balio sentimentala edukitzea norbaitentzat, eta horregatik, jabeek izugarri eskertzen dute galdutakoa berreskuratzen dutenean. Amurrion zerbait galdu duten guztiei deia egiten zaie Udaltzaingoaren bulegora joatera; izan ere, estatistiken arabera, galdutako objektuen % 40 bakarrik erreklamatzen da.

Kasu batzuetan, galdutako objektu bat aurkitu eta ez itzultzea delitu izan daiteke; horregatik, garrantzitsua da ulertzea objektu galdua ez dela aurkitu duenarena, baizik eta galdu duenarena. Amurrioko bizilagun gehienak kontzientziatuta daude gai horretan. Udaltzaingoak gomendatzen du erabiltzaileen sare sozialetako jokabide batzuk zuzentzea, Udaltzaingoaren lana oztopatzen dutelako.

Galdutako 200 objektu urtean

2017. urtean, galdutako 200 objektu bildu ziren, eta haietako 80 itzuli zitzaien jabeei. Bestalde, 138 galera salatu ziren. 2018. urtean, 218 objektu bildu ziren, eta haietako 64 itzuli zitzaien jabeei; gainera, 107 galera salatu ziren. 2019ko maiatzaren 15era arte, kopuruak antzekoak dira proportzioan: 83 objektu bildu dira, 29 itzuli zaie jabeei eta 54 salaketa egin dira.

Amurrioko Udaltzaingoak badaki zer garrantzitsua den zerbitzu hori, eta, horregatik, urtetik urtera saiatzen dira objektu galduak bildu, gorde eta emateko  zerbitzua hobetzen. Objektu galduak bi urtez gordetzen dira. Azkenik, Udaltzaingoak zoriondu eta esker ona adierazi nahi du amurrioarren gizalegezko jokabideagatik, eta zerbitzu horretan eta beste askotan ere hobetzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute. Udaltzaingoa herritarren ekarpenak jasotzeko prest dago.

ZER EGIN OBJEKTU BAT AURKITZEN BADUT?

• Lehenengo eta behin, Udaltzaingoaren bulegora eraman behar da. Sare sozialean aurkitutakoaren berri ematen badut, ez dut INOIZ argazkirik erakutsi behar, ezta objektuaren deskribapen zehatzik ere.

• Eskudirua aurkitzen badut, ez dut INOIZ esango zenbat diru den edo zenbat billete edo txanpon diren.

• Dokumentazioa edo bankuko txartelak aurkitzen baditut, ez dut INOIZ argazkirik erakutsi behar sare sozialetan, ezta gertaera argitaratu ere; izan ere, Datuak Babesteari buruzko Legearen aurkako delitu bat izan liteke. Udaltzaingoaren bulegora eraman behar da, zuzenean, eta haiek arduratuko dira dokumentazioaren jabea aurkitzeaz.