Udalak ehun proposamen baino gehiago bildu ditu auzoetako batzarretan.

23 Otsaila 2016

Asambleas 1

Udalak duela gutxi amaitu du auzoekin eginiko topaketen erronda. Auzo hauetako biztanleekin egin ditu bilerak: Bañuetaibar, Alkinar, Goikolarra, Landako, San Jose, Larrabe eta San Roque.

Bilera hauek hainbat gauzatarako balio izan dute; hala nola lehengo urtean jasotako ekarpenen balantzea egiteko, oraingo egoera azaltzeko, Udalak eremu horretan eginiko beste jarduketa batzuk zehazteko eta beste eskaera batzuk biltzeko. Guztira, ehun proposamen baino gehiago egin dituzte parte hartu duten herritarrek.

Goikolarrako eta San Joseko batzarrak izan dira jendetsuenak. Bileretara bertaratu den publikoaren profila heterogeneoa izan da, emakume eta gizonei dagokienez parekidea, eta adinari dagokionez nahiko desberdina. Hala ere, 45-70 urte bitartekoak izan dira gehienak. Nabarmentzekoa da jende gazte gutxi bertaratu dela.

Hauek dira udal-arduradunei iradokitako proposamen batzuk: udalerriko eremu batzuetan argiteria hobetzea, “eskasa edo potentzial gutxikoa” dela uste delako, eta zenbait neurri ezartzea ibilgailuek Bañuetaibar, Landako, San Roque, Landaburu eta Félix Murga kaleetatik eta Larrabe kaletik Mendiko kalera zirkulatzean hartzen duten gehiegizko abiadura kontrolatzeko.

Horrez gain, eskatu dute ibaira botatzen diren isuriak kontrolatzeko eta herritarrek tamaina handiko zaborra biltzeko zerbitzua behar bezala erabiltzeko; izan ere, “pertsona batzuek hainbat egunez uzten dituzte objektuak kalean”, jakinda ostiralean dagoela finkatuta zabor hori biltzeko eguna.

Beste alde batetik, San Roque auzoan bizilagunek uraren presioarekin duten arazoa azaldu zuten, eta San Jose auzoan taula kortxodun bat jartzeko eskatu zuten, garai batean egon zen moduan, auzoko bizilagunek iragarki txikiak jarri ahal izan ditzaten.

Renfe geltokiari dagokionez, Udalaren eskumena ez den arren, bi eskaera egin dituzte herritarrek: bata geltokian bertan komun bat jartzekoa, eta bestea, berriz, trenetako konboietara sartzeko zailtasunekin lotutakoa.

 Hurrengo pausoak

Behin iradokizunak jasota, Udaleko sailek aztertu egingo dituzte eta iradokizun horien balorazio teknikoa egingo dute. Ondoren, teknikoki bideragarriak diren proposamenen aurrekontu-ebaluazioa egingo da, eta, datu horiekin guztiekin, gauzatu ala ez erabakiko da.

Halaber, kronogramak ezartzen du uztail aldera beste bilera bat egin behar dela auzo bakoitzeko solaskideekin, eskaeren egoera eta aurreikusitako jarduketak aztertzeko.

Auzoekin eginiko erronda horretan, galdetegi baten bitartez, herritarrek honako hauek baloratu ahal izan dituzte: auzoekin aldian-aldian bilerak izatea egokia den, Udalarekin harremanetan jartzea erraza den, eta Auzobegiralearen figura eta figura horrek emandako arreta nolakoak diren. Jende askok parte hartu du, eta lortutako batez besteko nota 8 izan da.

 Asambleas 2