TROT-ART ETA EUSKOTARRAK KUADRILLEK URREZKO EZTEIAK OSPATUKO DITUZTE AURTEN ETA LIBURU BANA ARGITARATUKO DUTE; IGUARRAKOK, BERRIZ, 25 URTE BETEKO DITU

4 Abuztua 2015

Amurrioko jaiak abuztuaren 12tik 17ra ospatuko dira, Jasokundeko Andre Mariren eta San Rokeren omenez, eta kuadrillek jai hauek aprobetxatuko dituzte euren urteurrena ospatzeko. Alde batetik, Euskotarrak eta Trot-Art taldeek aurten urrezko ezteiak ospatuko dituzte; Iguarrakok, jaietako maskotak, zilarrezko ezteiak. Iguarrakok 1990eko abuztuaren 12an zeharkatu zuen hegan lehen aldiz Juan Urrutia plaza, Udaletxeko balkoiraino iristeko. Ordudanik, urtero-urtero, adin guztietako amurrioarren hamaika bizipenen lekuko izan da, baita jaiak ospatzera inguruko herrietatik bertaratzen diren pertsonena ere. Iguarrako, hain zuzen ere, aurten 25 urte beteko dituzten kuadrilletako bateko kide batzuek sortu zuten; izan ere Betikoen Egunaren lehen edizioan parte hartu zuten.

Euskotarrak eta Trot-Art

Berrogeita hamar urte beteko dituztela ospatzeko, Trot-Art eta Euskotarrak kuadrillek ekintzaz beteriko programa prestatu dute abuztuaren 16rako, iganderako, egindako bide luzea oroitzeko. Besteak beste, elkarrekin meza batean parte hartuko dute zendu diren kuadrillako kideak omentzeko, 12:30ean, Santa Maria Parrokian. Jarraian, fanfarre baten musikaz lagunduriko kalejira egingo dute, eta, ondoren, primerako herri-bazkariak antolatu dituzte. Euskotarrakeko kideek San Anton plazan bazkalduko dute. Bazkaldu ondoren, dantzaldia egongo da. Bazkarira joan nahi duten pertsonek abuztuaren 7ra arte eman dezakete izena, Caja Rural 30080214173078724618 zenbakidun kontuan. Helduen txartelak 20 euro balio du, 2000. urtean jaiotakoak barne; umeen txartelak, berriz, 12 euro balio du. Euskotarrak kuadrillakoek karrozen desfilean parte hartzeko gonbita egin dute.

Bestalde, Trot-Art kuadrillakoen bazkaria Santa Maria Parrokiaren ondoan egingo da. Bazkarian eta beste jarduera batzuetan parte hartzeko, abuztuaren 7a baino lehen eman behar da izena. Bazkaldu nahi duten helduek 25 euro ordaindu beharko dute; haurrek, berriz, 10 euro. Ordainketa Laboral Kutxan egin beharko da, 30350089170891090364 zenbakidun kontuan. Parte-hartzaileei kuadrillaz jantzita joateko eskatu diete, eta, hori posible ez balitz, Trot-Arteko kide direla erakusten duen zerbait eraman dezatela. Bestalde, urteurrenaren txapak eta jaietan erabiltzeko edalontziak jarriko dira salgai ; izan ere, erabilgarriak izateaz gain, modu ezin hobea dira ospakizun hau luzaroan oroitzeko. Bi euroan salduko dira, honako saltoki hauetan: estankoa, kioskoa, Lytando, La Reunión, Cola de Gallo, Batzokia eta Madik. Herritarrei gonbidapena egin zaie aurten, aurkezpenean eta txupinazoan ez ezik, Kuadrillen Egunean eta karrozen desfile tradizionalean ere parte har dezaten.

Liburuak argitaratzea

Urteurren garrantzitsuaren harira, hala Trot-Art kuadrillak nola Euskotarrak kuadrillak talde gisa bete dituzten 50 urteak biltzen dituen liburua bana argitaratu dute. Trot-Arten liburua 20 euroren truke eskura daiteke gorago aipatutako saltokietan. Euskotarrak kuadrillak, 50. urteurrena ospatzeko argitaratu duen liburuan, urte horietan zehar Amurrion bizi izandako gorabeherak biltzen ditu, bai kuadrilla gisa bizi izandakoak bai jaietan gertatutakoak, eta, gainera, herriaren bizimodua, industria, elkarteak, kultura eta beste hainbat gauza ezagutarazten ditu. 1.000 ale argitaratu dituzte. 20 euroren truke eros daiteke Caja Ruralen, Laboral Kutxan eta Asesoría Aialan, besteak beste. Argitaratze gastuak ordaindu ondoren, ateratzen den gainerako dirua udalerriko gobernuz kanpoko erakunde bati emango diote. Liburuaren aurkezpenean, Euskotarrak kuadrillako kideek bost ohorezko txapela eman zituzten; bat Aztarna taldekoei, kultura zabaltzeko egin duten lanarengatik; beste bat Larrinaga Familiari, musikaren arloan egindako lanarengatik; beste bat Trot-Art kuadrillari, 50 urte betetzeagatik; beste bat Alfredo Cerrillori, udalerrian 40 urtez txirrindularitzaren arloan egin duen lanarengatik, eta, bukatzeko beste bat Xabier de la Torre zenari, hainbat urtetan zehar bere txistuarekin Amurrioko jaiak musikaz blaitzeagatik