Reforamurrio Enpresaldea Enpresen Haztegi eta Zentrora sartzeko deialdi berria

16 Ekaina 2017

Ekainaren 1etik 30era egongo da irekita Reforamurrio Enpresaldea Enpresen Haztegi eta Zentroko modulu edo bulegoetan errentamendu-araubidean sartzeko eskaerak aurkezteko epea. Lokalak zerbitzuen sektoreko (“Bulegoak”) jarduerak egiten dituzten edo egingo dituzten enpresentzat edo pertsona ekintzaileentzat dira.

Modulu edo bulego bakoitza alokatzeko prezioaren barnean sartzen dira lokal bakoitza erabiltzean sortutako gastuak; besteak beste, elektrizitatea, ADSL, berokuntza-sistema, garbiketa eta abar. Prezio horretan sartuko dira, halaber, partekatutako zerbitzu batzuk, hala nola harrera-lekua, office-a, postontzi pribatua, lokalen mantentze-lanak, segurtasun-sistema, bilera-gelak eta abar.

Jarduera hasi behar duten edo eskaera aurkeztean jarduera hasi zutenetik hiru hilabete baino gutxiago daramaten enpresek edo pertsona ekintzaileek prezio hobaridunak izango dituzte enpresa finkatuen aldean.

Gainera, hobari gehigarriak ezarriko zaizkie enplegua sortzen duten enpresei, sortutako lanpostuen arabera (% 20tik % 37ra), bai eta egiten duten jarduera dela-eta berritzailetzat jotzen direnei ere (% 10etik %25era). Bi hobari-portzentajeak bateragarriak izango dira, betiere % 50 gainditzen ez badute.

Oraintxe bertan, zazpi enpresa daude instalazioetan, eta lau modulu daude libre (13,31 metro koadro eta 34,66 metro koadro artekoak).

Pertsona eta enpresa interesdunek Amurrio Bidean-en (El Refor Kalea z/g) lor dezakete informazio gehiago, bai eta 945 891721 telefonora deituta edo administracion@amurriobidean.org helbidera idatzita ere. Reforamurrio Enpresaldeko moduluen eta lokalen esleipena arautzen duten baldintzen pleguak ere bertan jaso ditzakete.

 Coworking gune osoa

2016ko ekainean, coworking gune berri batera sartzeko deialdia ireki zen. Gunea 34,66 metro koadroko bulego partekatu bat da, eta Reforamurrio Enpresaldeko lehenengo solairuan dago. Lokalak lau lanpostu, bilera-mahai bat eta bulegoko altzari espezifikoak ditu, bai eta Interneterako konexioa ere, eta erabiltzaileek zentroko gainerako instalazioak ere erabili ahal izango dituzte, bestak beste bilera-gelak, harrera-lekua eta office-a.

Gunea lan egiteko eremu mugatu bat behar duten eta bulegoa partekatzeko arazorik ez duten pertsonentzat edo enpresentzat dago pentsatuta, betiere diseinuarekin, IKTekin, industriari lotutako zerbitzuekin eta halakoekin lotutako jarduera bat gauzatzen badute edo gauzatuko badute. Gunera sartzeko 25 euro gehi BEZa ordaindu behar da hilean.

Orain, lau lanpostuak beteta daude, baina, kontuan hartuta horrelako guneak txandaka erabili ohi direla, gunera sartu nahi dutenak harremanetan jar daitezke Amurrio Bidean-ekin, lanposturen bat libre geldituz gero jakinaraz diezaieten.