Publikoa eta epaimahaia ados jarri, eta Atxubiri eman diote pintxorik onenaren saria

5 Azaroa 2015

Aurreko urteetan bezalaxe, gastronomiak garrantzi handia izan du egunotan. Onddoekin eginiko Pintxoen X. Lehiaketa jokatu da, eta 8 establezimenduk parte hartu dute: Atxubi, El Crucero, La Terraza, El Rinconcito, Taberna Frontón, La Reunión, Madik eta San Antón. Aurten, amurrioarrak eta epaimahaia ados jarri dira: Atxubi kafetegiak egindako “Atxubiñis Otoñales” pintxoari eman diote pintxo onenaren saria. Gainera, Mikoturismo Egunek arrakasta handia izan dute herritarren artean: joan diren edizioetan baino askoz ere herritar gehiagok parte hartu dute, eta mila pintxotik gora saldu dira. Horrenbestez, lehiatu diren establezimenduak hurrengo edizioetan parte hartzeko gogoz daude.

Urriaren 28an, asteazkena, El Refor jatetxeko sukaldari Jesús Barreñak 40 pertsona bildu zituen bere jatetxeko sukaldean, gastronomiari buruzko hitzaldi bat emateko. Onddoen mundu zirraragarriaz mintzatzeaz gain, hiru errezeta egin zituen, eta bertaratuek dastatzeko aukera izan zuten gero.

Bestalde, Abiaga, Arenalde Maitea, Bideko eta Los Arcos de Quejana jatetxeek ere parte hartu dute, eta menu bereziak eskaini dituzte egunotan, inor ez zedin geratu sasoiko perretxikoak eta onddoak probatu gabe.

Arriolako Mikologia Elkarteak lan handia egin du: elkarteko kideek, Alberto Villanueva mikologia-adituaren laguntzarekin, 640 perretxiko- eta onddo-espezie jarri zituzten erakusgai, eta, hala, amaiera bikaina eman zieten XII. Mikoturismo Egunei.