NAGUSIAK BIZITZEN

13 Urria 2015

Amurrioko Udalak 65 urtetik gorako adinekoen artean bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko programa abiaraziko du. Zahartze Aktiboan aditua den Unai Arrietak zuzenduko du programa. Programa horretan, batetik, irakatsiko da zein gozagarria eta eskuragarria den jarduera fisikoa gehitzea gure bizitzan, nahiz eta aurretik aktiboak ez izan. Pertsona bakoitzari lagunduko zaio jarduera fisikorako bere plana egiten, bere nahien, lehentasunen eta bizitza-estiloaren arabera.

Adinekoen artean jarduera fisikoa sustatzea oso ekimen egokia da pertsona horien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko. Jarduera fisiko erregularrak luzatu egiten du bizitza, onurak eragiten ditu osasun fisikoan eta mentalean, bai eta funtzionamendu kognitiboan, emozionalean eta sozialean ere.

Baina, programa honetan alderdi fisikoa ez ezik, alderdi mentalak, psikologikoak eta sozialak ere jorratuko dira. Gaur egun badakigu osasunak gaitasun fisikoa errendimendu betean erabiltzea dakarrela, baina baita gaitasun mentala ere. Osasun ona izateko, ezinbestekoa da jarduera fisikoaren maila egokia izateaz gain, jarduera psikologiko edo intelektuala eta harreman sozialak izatea ere.

Programa horretan, jarduera intelektuala sustatzeko eta gainbehera kognitiboa saihesteko planak egiten irakatsiko da. Bestalde, gainera, jarraibideak emango dira, pertsonen ongizatean gehien eragiten duten bi baldintzak kontrolatzeko: emozioak eta harreman sozialak. 

Azken batean, programa horren xede nagusia da Amurrioko 65 urtetik gorako adinekoen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 11:00etatik 12:30era, Nagusin. Interesdunek hemen aurki dezakete informazio gehiago: 945 891 161.