Larunbat honetan hasiko da II. Amurriock musika lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea

11 Apirila 2019

Burubio Kultur Elkarteak, Amurrioko Udalarekin eta Udal Musika Eskolarekin lankidetzan, Amurriock banda lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du, Amurrion eta Aiara bailaran musika sustatzeko xedez. Aurreko edizioak izan zuen harrera ona dela eta, aurten baldintza berberak izango ditu. Bi musika estilo bereiztuko dira, Rock/metal eta Pop/alternatiboa kategoriak. Izen emateak apirilaren 13tik maiatzaren 17ra egin ahal izango dira.

Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek www.burubioke.com/web helbidean aurkituko duten formularioa bete beharko dute, eta hiru abesti mp3 formatuan eta taldearen argazki bat jpg formatuan bidali beharko dituzte amurriock@gmail.com  helbidera.

Horrez gain, aurkezten diren taldeek eskakizun hauek bete beharko dituzte: ez dute inolako kontratu diskografikorik izango, ezta disko bi baino gehiago argitaratuta; aukeratuak izanez gero zuzenean jotzeko prestasuna izan beharko dute; eta aurkeztutako gaiak jatorrizkoak eta eurak sortutakoak izan beharko dira.

Lehiaketak hainbat fase izango ditu. Izena eman ondoren, antolakuntza arduratuko da zuzenekoetarako taldeak aukeratzeaz. Finalerdietako kontzertuak Burubio Kultur Elkartean izango dira, maiatzaren 31tik ekainaren 7ra bitarteko asteburuetan. Kategoria bakoitzak bi finalerdi izango ditu. Guztira lau kontzertu, eta bakoitzean hiru talde. 

Banda lehiaketaren finala ekainaren 14an izango da, Musika Eskolak urtero antolatzen duen musika astearekin bat etorriz. Finalean 4 taldek hartuko dute parte, estilo bakoitzetik bik.

Finalerdietako eta finaleko epaimahaia eskualdeko musikariek eta artistek osatuko dute. Bi kategorietako lehenengo saria 700 eurokoa izango da, eta Amurrioko jaietan jotzeko aukera, kartel buru baten telonero gisa. Bigarren sailkatuek 200 euroko saria izango dute.

Horrez gain, sari berezia banatuko da, gutxienez Aiaraldeko eskualdeko kide bat duten taldeen artean, euren hiru abesti zuzenean grabatzea Burubio Kultur Elkartean.