Jaietan txosna jartzeko baimena eman da

7 Abuztua 2017

Amurrioko zaindariaren jaietan sei txosna jarriko dira aurten Juan de Urrutia udal-parkean egokitutako eremuan; hau da, Txosnagunean. Honako hauek egin dituzte eskaerak: Txosnen batzordeak, Korroskada Txosna Elkarteak eta Otsemeak-ek; horiez gain, hauek ere jarriko dituzte txosnak: Herriarenak Kuadrilla, Agaoiakukutz eta Mendiko Lagunak. Halaber, Amurrio Aisia Eskaut Taldea aisialdi taldeak ere izango du txosna bat. Aurreko urteetan bezala, José Madinabeitia kalean egongo da.

Udalak hainbat baldintza jarri ditu txosnagunean jarduerak behar bezala gauzatzeko. Hau da, edariak eta kontsumigarriak erabili eta botatzeko materialean zerbitzatuko dira, edalontzi birziklagarrien kasuan izan ezik. Ontzi ireki batzuk (1-3) jarriko dira barraren ondoan, erabilitako edalontziak uzteko; txosna bakoitzean lan egiten duten elkarteetako kideek elikagaiak manipulatzeko txartela izan beharko dute haiek saltzen badituzte bertan. Horrez gain, txosnako arduradunak Alkohola eta Tabakoaren Sustapena, Publizitatea, Salmenta eta Kontsumoa Kontrolatzeko Neurriak Arautzen dituen Udal Ordenantza (2003-04-15) betetzen dela bermatu beharko du, eta gune bakoitzak instalazioari dagokion su-itzalgailu kopurua eta mota izan beharko du.

Udalak agertoki bat jarriko du Txosnagunean musika-ekitaldiak egiteko, eta leku horretan lau komun eramangarri ere jarriko dira.

Jaiak amaitzen direnean, txosnek desmuntatuta egon beharko dute abuztuaren 19rako.

 txosnagune