Inma Roiz idazleak Amurrioko 12 emakumeren bizipenak jaso ditu “Guk ere badugu zeresanik” liburuan

3 Maiatza 2019

Inma Roiz idazleak udalerriko hamabi emakumeren testigantza jaso du datorren astelehenean, maiatzaren 6an, aurkeztuko duen “Guk ere badugu zeresanik. Amurrioko hamabi emakumeren bizitza eta oroitzapenak” liburuan. Udaleko Berdintasun Sailaren laguntza duen proiektuak, Amurriok azken urteetan berdintasunari dagokionez izan dituen aldaketak biltzen ditu kontakizunen bitartez.

Liburuak, erreferentea izan diren eta hainbat arlotan, hezkuntzan, kirolean, enpresan edo kulturan, besteak beste, bidea ireki duten hamabi emakumek zuzenean kontatutako bizipenak biltzen ditu. Liburuaren protagonistak hauek dira: Begoña Álava Mendieta, Albizua Berganza ahizpak, Charo Albizua Unanue, Loli Almanchel Ramos, Azucena Gómez Bikarregi, Eufemia Gómez Díaz, Rosa Mari Ibañez de Elejalde Lavín, Begoña Isusi Baqué, Marian Mendibil Fernández, María Núñez Pulido, María Jesús Yarza Bárcena eta Felisa Zurimendi Berganza.

“Lekukotzak biltzeko lan horrek argi handia ematen du eta Udaletik  emakumeen memoriaren alde lanean jarraitzeko egiten dugun apustua indartzen du”, azaldu du Estibaliz Sasiain berdintasun zinegotziak.

Egileaz gain protagonistak ere bertan egongo diren liburuaren aurkezpen ekitaldia datorren astelehenean izango da, 18:00etan, Katekesiko Aretoan.