HASI DIRA NERBIOIKO PARKE LINEALEKO OBRAK AMURRION, ZAMORA ZELAIAREN ETA OLAKOREN ARTEAN

13 Uztaila 2017

Amurrion hasiak dira Nerbioiko Parke Linealaren obrak Sagrada Familia ikastetxearen ondoko Zamora zelaiaren eta Olako auzoaren artean.

Lehenengo jarduketetan, oinezkoentzako espaloi moduko bide bat sortuko da ibai gaineko Zabalibar zubiaren eta Cortasa fabrika zaharraren pareko gunearen arteko errepidean. Arabako Foru Aldundiaren jarduketa berri honen bitartez, 1,7 kilometro egokituko dira 463.589  €-ko aurrekontuarekin –% 50a Europako FEDER funtsek finantzatuko dute–, eta, horretarako, 67 metroko pasabide metaliko bat eraikiko da, Nerbioi ibaiaren ibilgua libratzeko. Olako auzoan udal-bidegorrien sarearekin bat egingo du. Nerbioiko Parke Linealeko bide berdean 169.000 pertsona (txirrindulariak zein oinezkoak) baino gehiago ibiltzen dira urtero.