Gaur goizean inauguratu da Amurrioko Osasun Zentro berria

1 Iraila 2017

Amurrioko Osasun-Zentro berrian izan dira gaur bisitan Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpón Osasuneko sailburua, Josune Irabien Amurrioko alkatea, María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentea. Osasun-zentro horretan arreta emango zaie Amurrio, Aiara, Artziniega eta Urduñako 19.000 biztanleei.Eraikin berrira lekualdatuko da irailaren 8an (ostirala) larrialdietako osasun-arreta ematen duen Etengabeko Arreta Gunea. Egun horretako arratsaldeko 17:00etan hasiko da jardunean. Gainerako jarduera guztia irailaren 11n (astelehena) jarriko da martxan kokaleku berrian, goizeko 8:00etan. 

Eraikin berria oso modernoa da, eta Arabako herri horren erdigunean kokatuta dago (Felix Murga kalea 8A). Eraikitako azalera 1.340,36 m2-koa da guztira, «pertsonei kalitateko arreta ematen zaiela bermatzeko», Jon Darpón Osasuneko sailburuak azaldu duenez. Eraikin horrek osasun-zentro zaharra ordezkatuko du, eta behin betiko erantzuna emango die egungo beharrei. Gainera, aurreikuspenetan etorkizuneko beharrak ere izan dira kontuan, eta horiei aurre egiteko gaitasuna ahalbidetu da. Solairu bakarreko eraikina da, aurrekoa baino funtzionalagoa. Hesitutako partzela batean dago eta lorategia dauka. Bestalde, irisgarritasunari garrantzi berezia eman zaio, mugikortasun mugatuko pertsonen beharretara egokituz (itxarongela zabalagoak eta hobeto hornituak), eta energia-eraginkortasuneko sistemak instalatu dira. 

Urkullu lehendakaria pozik agertu da Osakidetzako osasun-zentro honen irekierarekin, eta nabarmendu du lehen mailako arretak garrantzia handia duela osasun-sistemaren baitan. Izan ere, «gizarte aurreratuotan kontuan izan behar dugu zahartzearen, kronikotasunaren eta mendekotasunaren erronkak ditugula aurrez aurre. Eta horrexegatik apustu garbi bat egiten ari gara, pertsonengandik gertuen dagoen osasun-maila horretako asistentzia indartzeko. Lehen mailako arreta indartzea pertsonen arreta integralaren aldeko apustua egitea da». 

Bestalde, lehendakariak aukera baliatu du gogorarazteko «kalitateko lehen mailako arreta dela gurea, kasuak ebazteko gaitasun handikoa». Era berean, honako hau nabarmendu du: «Asistentzia mota honen giltzarria pertsonak dira, eta hala izan dira eta izango dira. Kualifikazio eta konpromiso handiko profesionalak dauzkagu maila guztietan, eta horrek konfiantza handia sortzen du herritarren artean. Eta horregatik beharrezkoa da, guztion artean, profesionaloi, baita egiten duten lanari ere, dagokion aitortza egitea».

 Lehendakariak azpimarratu nahi izan du, era berean, Eusko Jaurlaritzak Araban egin duen inbertsio handia, «arabar guztiei kalitate goreneko osasun publikoa eskaintzeko». Esfortzu horren emaitzak dira egindako zenbait aurrerapauso garrantzitsu, esaterako: Lehen mailako arreta eta arreta espezializatua integratzea; Arabako Unibertsitateko Ospitalea (AUO) handitzeko eta eraberritzeko egin diren inbertsio globalak; Amurrio, Laudio, Kanpezu, Lakua Arriaga, Salburua eta Zabalganako osasun-zentroetan edo osasun mentaleko sarean egindakoak, edo osasun mentalaren arlokoak (Mendekotasunen Orientazio eta Tratamendu Zentroa - MOTZ).                     

Osasun-zentroaren jarduera 

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Amurrioko Osasun-Zentroa eraikitzeko obrek urtebete iraun dute, eta 3.269.016 euroko inbertsioa egin da guztira. Horien ondorioz, osasun-zentro handiago, erosoago eta eraginkorragoa dugu, ekipamendu berriak ezarri dira eta, horri esker, egiten diren kontsultak eta probak hobetu ahal izango dira. 

Pazienteei ematen zaien arretan nabarituko da onura hori, jakina, baina horrez gain osasun-zentroko plantilla osatzen duten 34 profesionalen lan-baldintzak hobetzeko ere balio izango du. Hauexek dira profesional horiek lehen mailako arretan: 6 familia-mediku; 3 pediatra; 7 erizain; 1 emagin; 1 erizaintzako laguntzaile, 3 administrari eta 1 zeladore; eta Etengabeko Arreta Gunean: 4 mediku; 4 erizain eta 4 zeladore. 

Osasun-zentroko berrikuntzen artean, aipatzekoa da pazientearen arretarako eremuaren banaketa berria. Hiru arreta-gune ezarri dira, pribatutasuna eta lehen mailako arretako triajea hobetzeko, eta ebaluazio horri esker erantzun hobea eman ahal izango zaie biztanleen osasun-beharrei, pertsona bakoitza berarentzat egokiena den alor edo profesionalarengana bideratuz. 

Bestalde, osasun-zentroak lehen mailako arretan zera dauka: familiako medikuntzako 6 kontsulta eta erizaintzako 6 kontsulta; Pediatrian, medikuntzako 3 kontsulta eta erizaintzako 3 kontsulta; emakumeari arreta eta larrialdietarako Etengabeko Arreta Gunea. 

Iaz, 119.343 kontsulta jaso ziren zentroan.Horietako 101.633 medikuntzako eta erizaintzako kontsultak izan ziren helduentzako arretan, eta 12.412 pediatriako kontsulta. Izan ere, osasun-zentroaren erreferentziako populazioan 2.780 haur daude. 

Emakumearen eremuan emagin baten kontsulta dago, urtean 5.298 kontsulta jasotzen dituena, bai eta gimnasioa ere, erditzea prestatzeko eta erditze ondoko indarberritzerako. 

Gainera, Etengabeko Arreta Gunea dugu. Bertan, larrialdietako osasun-asistentzia ematen da astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) eta larunbat, igande eta jaiegunetan (24 orduz). Iaz 18.000 larrialdi baino gehiago artatu ziren bertan. Aldaketa bezala, eremu hori zentroaren gainerako guneetatik isolatzeko aukera dago, osasun-zentroa itxita dagoen orduetarako. 

Ingurumen-alorreko jasangarritasuna 

Eusko Jaurlaritzaren ingurumeneko jasangarritasun-estrategiarekin bat etorriz, osasun-zentro hau ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen arabera diseinatu eta eraiki da. Hori dela eta, aerotermia eta zoru erradiatzaile bidezko berokuntza- eta hozte-sistema dauka, eta horma, estalki eta zoruko isolatze- eta estankotasun-sistemei esker, energia-kalifikazio gorena jaso du. Zehazkiago, aurreko eraikinak G kalifikazioa zeukan bitartean, berriak A kalifikazioa erdietsi du. Horrek esan nahi du efizientzia-maila altua lortu dela, eta energia-kontsumoa %50etik gora hobetu dela. 

Gainera, prebentzio-sistemak eta alarma ere instalatu dira, bai eta sistema informatikoak eta domotikoak ere, eraikina kontrolatzeko eta energia-baliabide erabilgarriei probetxurik handiena ateratzeko.  

Osasun zentroaren banaketa: 

Osasun zentroak 5 gune nagusi dauzka, segidan zehazten den eran banatuta: 

BEZEROEN ARRETA EREMUA ETA ADMINISTRAZIOA (341 m2)

LARRIALDIETAKO ALDEA / ETENGABEKO ARRETA GUNEA (224,87 m2)

-          Bertan, sendaketa gela, odol-ateratze gela, proba funtzionalena eta medikuntza eta erizaintza kontsultak daude. 

-          Etengabeko Arreta Guneko langileentzako gune pribatua. 

 

PEDIATRIA ALDEA (167,55 m2)

-          Medikuntzako 3 kontsulta eta erizaintzako beste 3.

-          Aldagelak eta haurrentzat egokitutako komunak 

FAMILIAKO MEDIKUNTZA ALDEA (317,60 m2)

-          Medikuntzako 6 kontsulta eta erizaintzako beste 6.

-          Itxaroteko guneak. 

EMAKUMEARI ARRETA ALDEA (138,40 m2)

-          Emaginaren kontsulta 1

-          Erabilera anitzeko 2 gela

-          Gimnasioa

-          Komunak eta itxaroteko gunea 

 centro salud 13centro salud 3centro salud 8centro salud 14centro salud 9centro salud 15