Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun izendatu ditu Amurrioko Artomaña eta Mariaka dorreak, Arabako kantauriar isurialdeko beste seirekin batera.

9 Martxoa 2018

Horrenbestez, monumentu multzoaren kategorian sartu dira

Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun izendatu ditu Amurrioko Mariaka eta Artomaña dorreak, monumentu multzo kategoriarekin. Gure udalerrian babestu beharreko eraikin izendatu diren horiekin batera, izendapen bera jaso dute Arabako Kantauriar Isurialdeko beste sei dorrek Aiaran (Negorta, Zubiete, Murga eta Cadalso dorreak), Laudin (Ugarte) eta Okondon (Zudubiarte).

Espedienteak dionaren arabera, babestutako ondasun horiek Arabako kantauriar isurialdeko defentsa-unitateak dira eta historiako une zehatz bati lotuta daude. Arabako Kantauriar Isurialdeko dorreen garapen historikoak lotura zuzena du lurralde horretako botere-egituretan eta kudeaketan izan zen trantsizio-prozesuarekin; prozesu hori Behe Erdi Aroan hasi zen eta XVI. mende hasierara arte luzatu zen, leinu eta bandoen gerren amaierarekin. Egitura horiek guztiek barnean defentsa eta erresistentziarako espazioak dituzte; beraz, bertan elkarrekin bizi ziren soldaduak eta jaunak. Egitura horietan, bestalde, biltegiak ere bazeuden, setioei aurre egiteko; kasu batzuetan, gainera, industrializazio aurreko makinak ere bazeuden, esaterako dolareak edo errotak. Babes-espedientean esaten da, baita ere, urteekin egitura horiek jabeen boterearen isla eta toki sinboliko bihurtu zirela.

Bideetan gailentzen diren dorreak

Monumentu multzo hau berezia da inguruko orografia oso gorabeheratsua delako, bertatik ibai ugari igarotzen direlako eta haranak isolatuta daudelako; hori dela eta, uren ibilguari jarraitzen dioten bideetan edo meheguneetan daude dorre gehienak. Hala, eraikin horien ezaugarrietako bat da biztanle-guneetatik urrun baina jende asko igarotzen zen tokietan daudela. Adibidez, Artomañako dorrea bideen saihetsean dago. Monumentu multzoa xede hauek lortu nahian zehaztu da: eraikin horien egitura- eta eraikuntza-balioa, balio espazial-funtzionala, eraketa- eta forma-balioa eta balio historikoa babestea, eta dorreen egoitza eta defentsa-sistema izaera nabarmentzea.