Elkartasuna eta nazioarteko kooperazioa protagonista izango dira maiatzaren 19an, ostiralean, Amurrioko Juan Urrutia plazan

18 Maiatza 2017

XVII. Elkartasun Azoka egingo da goiz osoan.

Elkartasunak eta nazioarteko kooperazioak hitzordua dute Amurrioko herritarrekin XVII. Elkartasun Azokan. Maiatzaren 19an egingo da, ostiralean, 10:00etatik 14:00etara, Juan Urrutia plazan. Amurrioko Udalak urteak daramatza jarduera hori antolatzen, Gizarte Ongizatearekin eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearekin batera. Jardueraren helburua da herritarren artean jarrera solidarioa sorraraziko duen kontzientzia kritikoa sustatzea, betiere festa giroari eutsiz.

Horretarako, azokan parte hartuko duten elkarte eta gizarte-mugimenduek informazio-postuak jarriko dituzte, herritarrei egiten duten lanaren berri emateko. Horrez gain, hainbat sentsibilizazio-ekintza edo -proposamen gauzatuko dituzte.

Azoka hau kooperazioaren arloan lan egiten duten GKEek eta tokiko beste talde batzuek mundu solidario eta bidezkoagoa eraikitzeko asmoz egiten duten lana ezagutzeko interesa duten guztientzat antolatu da.

Azokaren aurreko asteetan, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistaren laguntzarekin, hainbat tailer egingo ditu Amurrioko ikastetxeetan. Horien helburua izango da pobreziaren eta desberdinkeriaren kausak aztertzea gaztetxoekin batera, baita egungo garapen-eredua aldatzeko gure esku ditugun tresnak, alternatibak eta aukerak ere. Horretarako, dinamikak, bideoak eta taldeko eztabaidak erabiliko dira. Horrez gain, hezkuntzarako eta berdintasunerako eskubideak ere landuko dituzte. Tailer horiek “Nor da nor?” sentsibilizazio-kanpainaren barnean egingo dituzte (www. iniciativaquienesquien.org).

Helburuak

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen (www.ongdeuskadi.org) helburuak dira kalitatezko kooperazioa sustatzea, bertako kide diren elkarteei beren prozesuak gauzatzen laguntzea eta gure inguruko gizartea eraldatzea, herritarren artean elkartasunaren kultura eta desberdinkeriak eta pobrezia sorrarazten dituzten egituren aldaketa sustatuz. Hirurogeita hamabi euskal GGKE daude Koordinakundean, denak jokabide-kode berarekin: kooperazioa eta garapenerako hezkuntza lantzen dituzte, iraunkortasunean eta genero-berdintasunean oinarritutako giza garapenaren paradigmari jarraituz.