Datorren otsailaren 12an, Amurrioko nagusien lantaldearen aurrerapenak ezagutarazteko saio bat egingo da Nagusi Etxean.

6 Otsaila 2019

Amurrioko adineko guztiak daude gonbidatuta Nagusien Kontseiluak 2018an egin duen lanaren eta egingo dituen hurrengo pausoen inguruko informazio-saio batean parte hartzera. Saioa Nagusi Etxean egingo da, otsailaren 12an, 18:00etan. Amurrio Lagunkoia proiektuaren barruan aurrez egindako lanaren emaitza moduan, nagusiek osatutako lantalde bat eratzeko beharra sortu zen, udalerriko nagusien bizi-kalitatea hobetzeko zer egin pentsatu eta lan egin zezaten.

Deialdi irekia egin ondoren, hamabi laguneko talde bat sortu zen. Taldea 2018ko urri, azaro eta abenduan elkartu da aldian-aldian, Udaleko teknikariekin, Nagusien Kontseilu bat sortzeko aukera aztertzeko, nagusien beharrak identifikatu eta baloratzeko, Udalari proposamenak egiteko, etab.

Espazio integratzailea

Talde-lanarekin jarraitu aurretik, egoki jo da Amurrioko gainerako nagusiei azken hilabeteotan eginiko lanaren berri ematea, baita eman beharreko pausoak haiekin kontsultatzea ere. Amurrioko Udaletik herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, guztion artean nagusientzako espazio integratzaile eta irisgarri hori lortzeko.