Datorren martxoaren 2ko Inauterietako Kakarro Birigarro Mozorro Lehiaketako helduz eta haurrez osatutako taldeen kategoriako gaia haurrentzako filmak eta telesailak izango dira

5 Otsaila 2019

Gazteenentzako inauteri-festa martxoaren 5ean izango da.

Amurrioko Udala 2019rako Inauterietako egitaraua bukatzen ari da; martxoaren 2an eta 5ean ospatuko da. Larunbatean, hilaren 2an, Kakarro Birigarro Mozorro Lehiaketa tradizionala egingo da. Lau kategoria egongo dira: A (1-3 pertsona), B (4-10 pertsona), C (10 pertsona baino gehiago) eta D (helduz eta adingabez osatutako taldeak, gutxienez 3 pertsona). Azken kategoria horretan, urte honetarako mozorro-gaia haurrentzako filmak eta telesailak dira. Parte hartzen dutenek 19:00etatik aurrera desfilatuko dute, Mariaka eta Marigabon buru dituen zirkuituan: Santa Maria elizatik abiatu,  Elexondo, Crucero, Aiara eta Iturralde kaleetatik igaro, eta Juan Urrutia plazan bukatuko da.  Guztira, 1.760 € banatuko dira sarietan, baita Kakarroren irudiak ere. Lehiaketako parte-hartzaile guztien artean, 200 €-an balioetsitako bidaia-sorta bat zozkatuko da.

Astearte-inauteri

Astearte-inauterian, martxoaren 5ean, haurrentzako egitaraua izango da: txokolate-jana eta musika. Amurrioko inauteri-festa egun hori Kakarro Judasen errez bukatuko da.