Chernobil elkarteak hogeigarren urteurrena bete du, beste 45 harrera-familia lortzeko helburuarekin

29 Urtarrila 2016

“20 urte errealitatea eraldatuz” lelopean, xedea da beste 45 harrera-familia lortzea datorren udarako. “Iazko kopurua berdindu nahi dugu. Kanpaina ona izan zen, eta horrek esan nahi du euskal familiak ere hobeto daudela. Beste 45 familia lortzen baditugu, arrakasta handia litzateke” esan du Marian Izagirrek, elkarteko presidenteak. Iazko udan 231 adingabe etorri ziren Euskadira. Chernobil elkartearen Harrera Programaren bidez, haurrak aldi baterako hartzen dira udako bi hilabetean (ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara). Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du kutsatutako eremuetan bizi diren adingabeak beren bizilekuetatik ateratzea urtean berrogei egunez gutxienez, organismo ahuldua indartzeko. Bidaiatzen duten adingabeek osasuna ahuldua izaten dute erradiazioaren ondorioz, baina ez dute gaixotasunik. “Hortaz, ez dute arreta berezirik behar; nahikoa dute gure dieta eta gure bizimodua izatea, hobekuntza nabarmena izan dadin” gehitu du Marian Izagirrek. Elkartearen informazio gehiago nahi dutenek telefono-zenbaki honetara dei dezakete: 670419078. Bestela, posta elektronikoz jar daitezke harremanetan elkartearekin, helbide elektroniko honetan: chernobil@asociacionchernobil.info. Halaber, elkartearen lana kontsulta daiteke haien blogean: http://asociacionchernobilelkartea.blogspot.com.