Bihar Arabako Basogintza Elkarteko kideak Amurrion bilduko dira

16 Ekaina 2017

amurrio panoramica

Joan den urtean 30. urteurrena ospatu ondoren, aurten berriz ere bilduko da Amurrion Arabako Basogintza Elkartearen Batzar Nagusia. Saioa ekainaren 17an izango da, 10:30ean lehen deialdian, eta 11:30ean bigarren deialdian.  

Hau da larunbateko bilkurarako proposatu duten aztergaien zerrenda:

1.- Irakurtzea eta onestea, bidezkoa bada, aurreko bilkuraren akta.

2.- 2016ko Jardueren Memoria.

3.- 2016ko balantze ekonomikoa eta 2017ko aurrekontua.

4.- 2017ko proiektuak eta jarduerak.

5.- Elkarteko Gobernu Organoko karguak berritzea.

6.- Eskaerak eta galderak.

Elkartea 1986ko ekainean sortu zen, eta, gaur egun, Arabako baso sail pribatu eta publikoen % 40 (13.022 hektareatik gora) kudeatzen dituzten 495 bazkideko kolektibo batek osatzen du. Amurrioko Udala ere, mendi publikoen jabe izanik, elkarteko kide da.

Elkarteak Amurrion du egoitza nagusia, eta gaur egun zuiarrei ere ematen die zerbitzu astean behin, Aramaioko bulegoan.

ABEri esker, baso-jabe arabarrek eskura dute beren ondasunak kudeatzeko laguntza eta aholkua ematen dien tresna bat. “Gainera, basoa garatzeko eta aberasteko bide ematen duten teknika berriak ikasi ahal dituzte, eta, interes ekonomikoaz gain, aintzat hartuko dute basoak gizarteari, ekologiari, hezkuntzari eta aisiari egin ahal dion ekarpena”, azaldu dute elkartekideek.

Horrez gain, elkarteak joan den urtean hasitako prozesuarekin jarraitzen du, Arabako basoek Baso Kudeaketa Iraunkorraren Europako Ziurtagiria (PEFC) eskura dezaten. PEFC ziurtagiri hori marka kolektibo bat da, eta ziurtatzen du basoko produktua iraunkortasun-irizpideen arabera kudeatutako baso batetik datorrela. Horrez gain, zurak lehengai berriztagarri gisa duen irudia indartu eta hobetzen du, eta basoa garatzen laguntzen du, ekonomikoki bideragarria, ingurumenerako egokia eta gizartearentzat onuragarria izan dadin.

Halaber, azpimarratu beharra dago Elkarteak, Euskadiko gainerako basogintza-elkarteekin batera, Europako hainbat proiektu eta forotan parte hartu duela, Europa Hegoaldeko Basoginen Batasunean (USSE) duen ordezkaritza zuzenaren bitartez; batasun horrek, hain zuzen ere, Europa hegoaldeko basoginen hainbat elkarte barne hartzen ditu, eta egoitza Bizkaian du.