Bañueta Kiroldegian haurren igeriketa-eskolak sailkatzeko sistema berri bat ezarriko da, txanoen araberakoa

7 Abuztua 2018

Amurrioko Bañueta Udal Kiroldegiak igeriketa-eskolak hartzen dituzten haurrak sailkatzeko sistema berri bat ezarriko du 2018-2019 ikasturtean, txanoen araberakoa. Sistema horren helburua izango da taldeen mailak homogeneoagoak izatea. Sei kategoria egongo dira; txanoaren kolorearen arabera eta txanoan inprimatuta izango duten uretako animaliaren arabera bereiziko dira. Animalia horrek, halaber, izena emango dio taldeari. Hauek izango dira taldeen izenak, maila baxuenetik handienera: Tortuga-Dordoka, Cangrejo-Karramarroa, Pulpo-Olagarroa, Anchoa-Antxoa, Delfín-Izurdea eta Tiburón Pez Espada-Marrazoa Ezpata Arraina.

piscina Bañueta

Maila guztiak hiru hilekoak izango dira, Delfín-Izurdea eta Tiburón Pez Espada-Marrazoa Ezpata Arraina izan ezik; horiek urte osokoak izango dira. Nahitaezkoa izango da txanoak erabiltzea eta Amurrioko kiroldegiko harreran eskuratu ahal izango dira, 5 euroren truke, ikastarorako plaza lortu ostean. Maila bakoitzean helburu jakin batzuk egongo dira, argi eta garbi zehaztuta. Ikastaro bakoitza amaitu aurretik, monitoreek adieraziko dute haurrak kategoria berean jarraitu behar duen edo hurrengora pasatu daitekeen. Horretarako, ikasle bakoitzaren aurrerapena hartuko dute kontuan. Mailaz aldatuz gero, baliteke ordutegia ere aldatzea (ikasleek ordutegi berrira egokitu beharko dute).

2017-2018 ikasturteko hirugarren hiruhilekoan eta udako ikastaroetan parte hartu duten haur guztiek maila esleitua dute hurrengo izen-emateetarako. Sailkatu gabe daudenek beren maila zehazteko proba bat egin beharko dute. Probak izena emateko epean egingo dira; zehazki, irailaren 17an, 18an, 19an eta 20an, 17:30etik 19:30era. Horretarako aurrez abisatu behar da kiroldegiko harreran.