Aurtengo udan, Korterraza Arabak film laburrak emango ditu Arabako 12 herritan

3 Uztaila 2015

Korterraza Araba martxan jarri da. Aurtengo udan, Arabako Lurralde Historikoko 12 herrik urteko lan onenen hautaketa batekin gozatuko dute. Aire zabaleko film laburren jaialdiak lurraldeko gainerako lekuekin partekatu nahi du Kultura Kalean!-ek orain dela sei urte abiarazitako ideia arrakastatsua: uneko film labur onenez gozatzea aire zabalean. Lehiaketak Arabako Foru Aldundiaren eta zenbait udalerritako udalen babesa du, eta El Correoren eta Laboral Kutxaren laguntza.

“Iaz jaialdi pilotua egin genuen Araian, eta erantzuna oso ona izan zen; beraz, aurten lanean aritu gara, Korterraza Araba ahalik eta udalerri gehienetara irits dadin” azaldu du Xabi Vitoriak, lehiaketaren antolatzaileak.

Jaialdiak Atal Ofiziala izango du, 20 film laburrek osatutakoa. Horiek Ikusleen Saria (1.000 euro) lortu ahal izango dute, eta, hautatzeko, proiekzioetara bildutako ikusleen botoak gehituko dira. “Oso pozik nago hautatutakoekin. Zaila izan da, mundu guztiko 661 film labur iritsi direlako eta horietako asko onak direlako. Jendeak komedia asko eta aurpegi ezagunak aurkituko ditu. Jendea etortzera animatzen dut, asko dibertituko delako Interneten sasoira oso ondo egokitu den generoarekin; jada ez da zinemaren senide txikia” azpimarratu du Vitoriak.

Aurtengo udan, Korterraza Araba Alegria-Dulantzin, Artziniegan, Aramaion, Oroko santutegian, Amurrion, Gatz Haranean, Ondategin, Okondon, Kuartangon (Lobo&Carmine-ren kontzertuarekin), Lantaronen, Araian eta Elburgon egongo da. Data zehatzak eta proiekzio bakoitzaren ordutegiak lehiaketaren webgunean ikus daitezke: www.korterraza.com.

“Udalerri bakoitzean bi proiekzio-egun egingo dira, leku ikusgarrietan; hala nola Oroko santutegiaren landetan eta Gatz Haranean” azpimarratu du antolatzaileak; “gainera, euria egiten badu, ez da bertan behera utziko: estalpeko leku alternatiboak ditugu prest”.

Korterraza Gasteiz

Korterraza Araba lehiaketaren senidearen seigarren edizioa egingo da uztailaren 29an, 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean, Artium - Arte Garaikidearen Euskal Museoaren barneko plazan. Aire zabaleko film laburren jaialdian 34 lan proiektatuko dira: 20 atal ofizialean eta 14 erakusketan. Gainera, 6 kontzertu eta zenbait jarduera paralelo eta sorpresa antolatu dira.