Aurten, Guraso Eskolak gurasoen seme-alabak dabiltzan ikastetxe berean emango dira

10 Azaroa 2015

Udaleko Kabinete Psikologikoak (GAPPA) jarraipena emango die duela zenbait urte abiatutako Guraso Eskolei. Ikasturte honetan, baina, bestelako metodologia bati jarraituko zaio, eta zenbait nobedade izango dira. Alde batetik, guraso-eskoletan Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen familiak hartuko dira (iaz, 10 eta 14 urte bitarteko ikasleak zituzten familiak soilik hartu ziren). Bestalde, saioak arratsaldez emango dira, seme-alabak dabiltzan ikastetxe berean, zentro bakoitzeko familien kolektiboarekin koordinatuta. Gainera, Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoek interesatzen zaizkien gaiak aukeratu ahal izango dituzte, GAPPAk proposaturiko zerrenda batetik. Saioetara joanda, gurasoek prestakuntza jaso ahal izango dute, eta, horrez gain, gurasoentzako ohiko buletinak argitaratuko dira; familia guztiei banatuko zaizkie, eta seme-alabak hezteko baliagarri izan daitezkeen hainbat gai bilduko dituzte. Harreman-zirkulu nagusia: familia da pertsona baten bizitzako harreman-zirkulu nagusia, eta, beraz, familia da prebentzio-eragile nagusia. Bada, horrexegatik jarri dira berriro martxan Guraso Eskolak. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana seme-alabak jaiotzen direnetik bertatik hasten da, eta bizitza osoa irauten du: harreman horrek garatzen eta buruz eta fisikoz ondo egoten laguntzen die seme-alabei, gizartearekin harremanetan jartzen ditu, ohiturak eta balioak irakasten dizkie… Horrenbestez, familiak berebiziko garrantzia du osasunaren, mendekotasunen, harreman sozialen, eskolako porroten eta abarren inguruko arazoen prebentzioan. Batzuetan, ordea, familiek zailtasunak izan ohi dituzte seme-alaben hezkuntzatik sortzen diren arazo guztiei aurre egiteko. Hori dela eta, zalantzak eta esperientziak partekatu beharra dago, eta eguneroko gatazkak konpontzeko ideiak bildu behar dira.

Guraso Eskola. 1. saioaren egutegia

Haur Hezkuntza:

• Virgen Niña Ikastetxea: azaroak 16

• Lucas Rey Ikastetxea: azaroak 17

• Zabaleko Ikastetxea: Azaroak 19

Bigarren Hezkuntza:

• Virgen Niña Ikastetxea: azaroak 11

• Zaraobe Institutua: azaroak 18

• Aresketa Ikastola: azaroak 26

*** Ordutegia: 15:00etatik 16:30era.