Aurreraka elkarteak haur-masajearen inguruko bigarren tailerra egingo du azaroaren 14tik abenduaren 12ra, bost saiotan

10 Azaroa 2015

Masajista profesional batek bost saio emango ditu, azaroaren 14an, 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean eta 12an, 11:00etatik 12:30era bitartean, Amurrioko Kultur Etxean. Leku kopurua mugatua da: zortzi familiak bakarrik parte hartu ahal izango dute, eta izen-ematearen ordena hartuko da kontuan lekua emateko. Amurrion erroldatuta daudenek 35 euro ordaindu beharko dute ikastaroa hartzeko, eta erroldatu gabe daudenek, berriz, 40 euro. Haurtxoei masajeak emanda, emozio-sistemako zuntz sentikorrak estimulatzen dira, eta horrek bide ematen die konfiantzari, segurtasunari eta onarpen emozionalari. Horri esker, haurrak modu orekatuagoan hazten dira. Ikastaroan, hainbat teknika irakatsiko dira nerbio-sistema, immunologia-sistema, urdail-hesteetako sistema, zirkulazio-sistema eta muskulu-sistema aktibatzeko. Hori dela eta, antolatzaileek gomendatzen dute guraso biak etortzea ikastarora, ahal badute. Izen-emateak Kultur Etxean formaliza daitezke; ahal dela, goizez.