Arabako txakolinaren jaia ekainaren 2an ospatuko da Amurrion

20 Maiatza 2019

Arabako Txakolina elkarteak Txakolin Egunaren hogeita batgarren edizioa ospatuko du datorren ekainaren 2an Amurrion. Dagoeneko finkatuta dagoen ekitaldiak, Arabako produktuak sustatzeko aukera eskainiko du beste behin. Juan Urrutia parkean, Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren barruan dauden zortzi upategik ekoiztutako txakolin onenak bilduko dira.

Aurten Txakolin Egunak Juanito Oiarzabal mendizalea omenduko du, ekainaren 2an, igandean, goizeko 11:30ean, Amurrioko Udaletxeko Osokoen Aretoan egingo den ekitaldian. Mundu osoan ezaguna den mendizale arabarra Arabako Txakolinaren eta Arabako produktuen defendatzaile sutsua da.

Aintzatespenaren ondoren jai gunea inauguratuko da, festa hasierako txupinazoa jaurtiz.

Euskolabel zigiluko pintxoen dastaketaren bitartez Txakolin Egunean egongo den gastronomia eskaintza zabalaz gain, Arabako Txakolinarekin egindako Aiarako seigarren garrafa lehiaketa izango da jardunaldiko beste puntu erakargarrietako bat. Hori guztia osatzeko, tokiko artisautza produktuen erakusketa eta salmenta, Urduñako Santa Zezilia Bandaren kalejirak alaituta. 15:30ean erromeria hasiko da.

2018ko uzta

2018ko uztak “gainditu egin ditu genituen aurreikuspenak, joan den udaberriko euri indartsuek eta txingor-zaparradek galerak eragin baitzituzten finka batzuetan”,  José Antonio Merino Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren gerenteak azaldu duenez. Uzta 2017koa baino %40 handiagoa izan da. Hori dela eta, “gure kalkuluen arabera, azken urte honetan 500.000 unitate inguru botilaratu dira”, adierazi du Merinok.

2019ko uztari begira, aurreikuspenak itxaropentsuak dira. “Arazoak egon dira izozteekin, baina fase hori gainditu dugu jada. Orain euriteekin zer gertatuko zain gaude”, aurreratu du Merinok.