ARABAKO ODOL EMAILEEN ELKARTEAREN UNITATE MUGIKORRA AMURRIORA ETORRIKO DA UZTAILAREN 14AN, 23AN, 28AN ETA 29AN ETA ABUZTUAREN 12AN

25 Ekaina 2015

Egun horretan, kanpaina solidario horretan, Amurrioko Udaleko langile eta ordezkariek parte hartuko dute. Hilabete bereko 23an, odola 16:30etik 20:15era bitartean eman ahalko da. Bestalde, uztailaren 28an eta 29an, unitate mugikorra Amurrio hiribilduko Osasun Zentroan egongo da, 16:30etik 20:00etara bitartean. Abuztuaren 12an ere Amurrion izango da, eta Juan Urrutia plazaren ondoko oinezkoen eremuan egongo da berriro, 09:30etik 13:15era.

 

Zergatik eman odola eta nork eman dezake

Zuretzat une bat baino ez da, baina gaixo dagoen jende askorentzat bizia izan daiteke

Odola ematea gauza erraza da, segurua, eta ez du inolako minik eragiten; profesional espezializatuek zainduko dute odol-emailea, une oro. Zuri ez dizu inolako arriskurik eragingo, baina lurralde osoko gaixoen kasuan, ordea, aurrerapausoa izan daiteke sendatzeko prozesuan.

Odol-emate altruistak, odola eskuratzeko iturri bakarra

Medikuntzan eta teknologian aurrerapen ugari izan bada ere, oraingoz odola ezin da fabrikatu, eta pertsonen odol-emate altruistatik baino ezin da eskuratu.

Odol-emate bakoitza hiru gaixok erabil dezakete; izan ere, odol-emate bakoitzean hiru odol-osagai eskuratzen dira, berezko aplikazioak dituztenak. Beraz, baiezta daiteke hiru gaixori lagun diezaiekegula.

Odolak eta bere osagaiek bizialdi mugatua dute

Hematie-kontzentratuak 42 egunez kontserbatzen dira. Odol-plasma urtebetez kontserbatzen da. Plaketak 5 egunez kontserbatzen dira.

Egunero erabiltzen da odola: 5 minuturik behin, baten batek odola behar izaten du Euskadin

Aldi oro behar izaten da odola, eta, beraz, aldi oro eman behar da odola. Egunero, Euskadiko ospitale eta klinika guztiek odola edo odol-osagaiak behar izaten dituzte, beren pazienteak artatzeko; izan ere, ebakuntza kirurgiko gehienetan eta tratamendu mediko askotan odol-transfusioak egin behar izaten dira.

Odola ematea, eguneroko ekintza

Odola ematea ez da ezbeharrekin edo larrialdiekin lotu behar; gure bizitzan eguneroko eta ohiko ekintza izan behar du. Odol nahikoa eta segurua izateko stockean, erregulartasunez eman behar dugu. Gizonek urtean 4 aldiz eman dezakete odola, eta emakumeek, berriz, 3 aldiz, eta, betiere, odol-emate batetik bestera gutxienez bi hilabeteko tartea gorde behar da.

Odola gero eta sarriago erabiltzen da

Odolaren edo bere eratorrien transfusioa ezinbesteko bilakatu da gaur egungo osasun-laguntzan. Bizi-itxaropena handitu eta medikuntza intentsiboko unitateak sortu direnez eta gaixoen behar garrantzitsuak eta etengabeak –lehen berreskuraezintzat hartzen zirenak– direla eta, odolaren eskaria gero eta handiagoa da.

Odola eman dezakezu:

Baldin eta 18 eta 65 urte bitartean baduzu eta 50 kilo baino gehiago pisatzen baduzu. 12 urte bete aurretik hepatitisa eduki baduzu ere. Nahiz eta baraurik egon ez. Nahiz eta kolesterol altua izan. Nahiz eta medikamenturik ohikoenen bat hartu. Urtean 3 aldiz eman dezakezu odola emakumea bazara, eta 4 aldiz gizona bazara.

Odola eman aurreko galde-sorta

Odola ematea komeni den balioesteko lehenengo urratsa galde-sorta bat erantzutea da; horren bidez, arrisku-faktorerik ote dagoen ikusi nahi da. Dokumentu horretako galderak legeak ezartzen ditu, eta, horien bidez, odola ematen duenaren eta jasotzen duenaren segurtasuna babestu nahi da. Hala ere, galde-sortako baiezko erantzun batek sekula ez du zuzenean odol-ematea baliogabetuko. Odola ateratzeko ardura duten medikuek erabakiko dute odola eman daitekeen ala ez.