APYMCAk berritu egin du “Amurrio Txartela”, elkartearen merkataritza-txartela

13 Azaroa 2017

Merkataritza-jarduera Amurrioko BPGd-ren % 11 da. Izan ere, “toki-merkataritza gure bizitza sozial ereduaren oinarrizko euskarria da, bai eta eragile ordezkaezina ere; gizarte-ekonomia sustatzen du, harreman sozialak bultzatzen ditu, eta herriko bizimodua sustatzen du” adierazi du Jon Aspuru Amurrioko Merkatarien Elkartearen presidenteak.  

Amurrioko Merkatari Ertain eta Txikien Elkarteak (APYMCA) aukera baliatu nahi du gure herriko enpresa txiki eta ertainek duten garrantziaz kontzientziatzeko; kasu honetan, bereziki Amurrioko merkataritzak duen garrantziaz, zalantza barik tokiko ekonomiaren arteria bat baita.

Denda txikiak desabantaila-egoeran daude herritarren erosketa- eta kontsumo-ohiturei eragiten dieten beste merkataritza-formula batzuen aldean; horrexegatik, APYMCAk tokiko kontsumoaren balio erantsia azpimarratu nahi du, hainbat erremintaren bitartez, hala nola, AMT.

Elkartea hobekuntza-prozesuan murgilduta dago; hala, eta Amurrioko Udalarekin elkarlanean, txartel horri beste funtzionalitate batzuk eman nahi izan dizkio; esaterako, udal-zerbitzu hauek erabiltzeko aukera: liburutegia eta, etorkizunean, kiroldegia. Txartelaren bidez, halaber, Udalarekin lotuta eta helbideratu gabe dauden ordainketak egin ahal izango dira. 

“Aurkezten ari garen proposamen honek, Amurrio Txartelak, gertueneko errealitatearekin lotzen gaitu. Amurriorako berariazkoa da, eta herriko zerbitzu publikoekin lotuta dago; hau da, merkataritzaz haragoko gestioak errazten ditu” zehaztu du Josune Irabien Amurrioko alkateak. 

APYMCAren merkataritza-erreminta honek irudi berria dakar, amurrioarrek beren herriarekin bat egin dezaten. 

Haren merkaturatzea ospatzeko, ondoko promozioak egingo dira:

  • Azaroaren bigarren hamabostaldian, 5, 10 eta 50 euroko hobariak zozkatuko dira, eta automatikoki sartuko dira txarteletan.
  • Abenduan, aisialdi-sortak zozkatuko dira: “ongizatezko 3 egun” gozatzeko 11 VIP kutxa.
  • Gainera, hurrengo erosketetarako deskontuak pilatzen jarraituko dira. 

 Amurrio txartela 1Amurrio txartela