Apirilaren 24an aurkeztuko da Marcos Rubio amurrioarraren Ipurterre pailazoa liburua, Haur Liburutegiaren hogeita bosgarren urteurrenaren barruan

18 Apirila 2017

Beste jarduera batzuk ere izango dira, hala nola ipuin-kontakizunak eta liburuen erakusketa.

Apirilaren 24an, 17:00etan, Marcos Rubio González amurrioarrak berak ilustratutako Ipurterre pailazoa liburuaren aurkezpena egingo du Amurrioko Haur Liburutegian. Liburua Marcos Rubiok Amurrion sortu duen Thinking of Poems Editions argitaletxearen Aprender es Sentir bildumakoa da, eta Lourdes Relloso psikologo eta terapeutak idatzi du. Aurretik, hauek ere argitaratu dira: El payaso Prisas (orainaldia bizitzearen garrantziari buruz) eta La flor de la abuela (haurrei norbere burua zaintzearen garrantzia irakasteko). Azken liburu honekin eskuratutako irabazien zati bat Luchamos por la Vida elkarteari emango zaio. Hain zuzen, proiektu honetan elkarte horrekin lanean aritu dira. “Minbiziaren aurka daukagun solidariotasunak eta sentsibilizazioak batzen gaitu, baita bizi-ohitura osasuntsuetatik abiatuta minbiziari aurrea hartzeak eta haren kontrako tratamenduak ere”, adierazi du Marcos Rubiok. “Irudimenari eta emozioari esker, gogoeta txiki bat eginarazi nahi dugu, irribarre batez lagunduta. Ipuinok gure seme-alabekin dugun harremana hobetuko dute, eta geure buruarekin duguna ere bai”. Liburuak euskaraz nahiz gaztelaniaz eros daitezke udalerri honetako liburu-dendetan. Rubiok dio du bere lanak haurrentzat direla baina helduei ere gogoeta eginarazi nahi diela. Hurrengo proiektuen artean, haurrentzako beste liburu batzuez gain, dislexia aintzat hartuta irakurtzen ikasteko haurrentzako liburu bat egin asmo du, eta ez du baztertzen helduentzako libururen bat egitea ere.

Ipuin-kontaketak
Ipurterre pailazoa liburuaren aurkezpena amaitu ondoren, 17:30ean liburu horren kontakizuna egingo du Maider Galarzak. Jarduera hauek bost eta hamar urte bitarteko haurrentzat dira, eta, parte hartzeko, izena eman beharko da Haur Liburutegian. Jarduerok, gainera, irakurketa-zentro horren urteurreneko ospakizunen programazioan sartzen dira, zentroa ireki zela hogeita bost urte bete baitziren martxoaren 19an, eta, hortaz, Zilarrezko Ezteiak bete dituela ospatzen ari da. Apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ere ospatuko da, eta, gainera, Hans Christian Andersen idazle danimarkarraren jaioteguna denez, haren bizitzari eta lanari buruzko erakusketa bat egingo da apirilaren 12ra arte. Bestalde, Aste Santua dela eta, liburutegia 09:00etatik 14:00etara egongo da irekita apirilaren 10etik 21era, eta itxita egongo da apirilaren 15ean, larunbatean.