Amurrioko Udalak, udalerriko emakumeen memoria berreskuratzeko beka bultzatuko du

24 Urtarrila 2019

Amurrioko Udalak ikerketa beka bat deitu du, Amurrioko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko. Azterlanaren helburua, Amurrioko emakumeek historian zehar gizarteari egin dioten ekarpena ikusgai bilakatzea da.

3.000 euroko bekak sei hilabeteko iraupena izango du. Beka jaso nahi duten pertsonek titulazio hauetakoren bat izan beharko dute: lizentziatura, diplomatura edo gradu ertaineko LHko ikasketak.

Beka, Amurrioko Udaleko Berdintasun zinegotziak eta teknikariak, mugimendu feministaren ordezkari batek eta gai horretan aditua den Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batek osatutako epaimahaiak emango du. Horiek izango dira egitasmoak ebaluatu eta aukeratuko dituztenak. Hautagaitzak aurkezteko epealdia, deialdia A.L.H.A.O.-B.O.T.H.An argitaratu eta 15 egun baliodunekoa izango da.

Epea ireki ondoren, interesatuek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: curriculuma (ikasketak eta egindako azterlanak zehaztuz), eta ikerketa zein arlotan egingo den, lanaren justifikazioa, gaiaren aurrekariak eta egungo egoera, ikerketaren helburuak, metodologia, lanerako plana eta kronograma eta aurreikusitako emaitzak jasoko dituen txostena.

“Balioen aldaketa eta emakumeen ahalduntzea sustatzea da Udaletik aurrera daramatzagun Berdintasun politiken ardatz nagusietakoa, eta beka hau horren beste adibide bat da. Azterlan honen bitartez, emakumeen bizitzaren ezagutza sustatzea eta herritarren artean zabaltzea bilatzen da, horrela memoria historikoa berreskuratzeko prozesuari gure hondar alea gehituz”, azaldu du Estibaliz Sasiain Amurrioko Udaleko Berdintasun zinegotziak.