Amurrioko Udalak milioi bat euro inbertituko ditu argiztapen publikoa berriztatzen

9 Urria 2018

Amurrioko Udalbatzak, joan den irailaren 27an egindako osokoan, argiztapen publikoa berriztatzeko konpromisozko kreditua eratzea onetsi zuen. Hainbat ekitaldiz luzatuko den proiektuak milioi bat euroko inbertsio osoa eskatuko du.

“Argiztapen publikoaren berriztapena beharrezko inbertsioa da, udalerriko kaleetako argitasuna hobetu eta energia aurreztuko duelako”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak. Argiak pixkanaka aldatuko dira, eta egungo argi horiaren ordez, led argi zuriagoa emango dute.

Udalerriko hainbat gunetan, Mendiko, Lucas Rey, Bañuetaibar, Landako eta Aldai kaleetan, argiztapena joan den maiatzean hobetu zen, led teknologia berria duten argiak jarriz. Argiztapen publiko berriaren egokitzapenak, 100.000 euroko inbertsioa izango du 2018an, 400.000koa 2019an eta 500.000 eurokoa 2020. ekitaldian.