Amurrioko Udalak Larrabeko baratzeen ureztatze sistema modernizatuko du

4 Urtarrila 2019

Amurrioko Udalak Larrabeko baratzeen ureztatze sistema modernizatuko du, ponpaketa ekipoan maiztasun aldagailua, bi ureztatze programatzaile eta bi kaudalimetro instalatuz, energiaren kontsumoa murrizteko eta uraren kontsumoaren jarraipena egiteko eta egon daitezkeen ur ihesak hauteman ahal izateko.

Maiztasun aldagailua instalatuz, zerbitzuaren presioa bermatuko da, ur eskarira egokituz, motorraren biraketaren abiadura aldatuz. Horri esker, energiaren kontsumoa %40ra arte murriztu ahal izango da. Sistema moderno horrek presostatoetan oinarritutakoa ordezkatu du.

Une honetan, ureztatze sistemak presio iraunkorreko ponpaketa ekipoa du, hau da, uraren presioa balio jakin bateraino handitzen du, ur-emaritik eta sarrerako presiotik independente izanik.

Halaber, Larrabeko baratzeen ureztatze sistemak, bi baratze guneen zirkuituak kontrolatzen dituzten bi elektrobalbula bakoitzerako ureztatze denbora finkatzeko aukera ematen duen programatzailea du. Ureztatze eskari gehieneko garaietan, kontrolak, astean bi aldiz, gutxienez, pertsona bat egotea eskatzen du, denbora eta maiztasuna programatzeko.

Programatzaileak instalatuz, ureztatzearen kudeaketa, bertara joan behar barik egingo da, Smartphone edo Tablet baten bitartez, eta horrek programazioa azkar egokitzeko aukera emango du. Horrez gain, zundaketaren ur kontagailuan eta ureztatzeko uraren kontagailuan kaudalimetroak instalatuz gero, uraren kontsumoaren jarraipena egiteko eta egon daitezkeen ur ihesak hautemateko aukera egongo da.