Amurrioko Udalak eta Sartu-Arabak lankidetza hitzarmena sinatu dute udalerriko langabetuen laneratzea sustatzeko

15 Martxoa 2019

Amurrioko Udalak eta Gizarteratzearen aldeko Sartu-Araba elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren bitartez “Erabilera publikoko natura eta hiri espazioen mantentze-lanetako auxiliar” izeneko enplegu eta prestakuntza programa jarriko da martxan, eta “Herri laguntzaileak” izenekoen laguntza ekintzak jasoko ditu. Izena emateko epea martxoaren 21etik 29ra luzatuko da.

Proiektuak udalerriko 13 langabetu kontratatzea planteatzen du, lorategiko 9 auxiliar eta 4 herri laguntzaile, lan munduan sartzea errazteko. Jardunaldi partzialeko kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute.

Bi programen xedea espazio publikoak hobetzea izango da. Lorategiko auxiliarren kasuan, euren egitekoen artean lorategiekin erlazionatutakoak daude, garbiketak, sastrakak kentzea, konponketak edo igeltsaritza lan txikiak. Horrez gain, “Herri laguntzaileak” izenekoen laguntza izango dute. Azken horiek egingo dituzte herritarren eta udalaren arteko bitartekaritza lanak, hondakinen kontrol neurriei buruzko informazioa emango dute eta sentsibilizatzen arituko dira, ikastetxeetako sarbideak zainduko dituzte edo interes praktikoa duen informazioa emango dute, beste batzuen artean.

Interesatuta dauden pertsonak Amurrion egon beharko dira erroldatuta, gutxienez 4 urteko antzinatasunarekin, eta langabetu gisa inskribatuta Lanbiden, gutxienez 18 hilabetez azken 24 hilabeteetan. Horrez gain, mantentze-lanetako auxiliar lanposturako, gutxienez urtebeteko esperientzia profesionala izan beharko dute eraikuntza, industria, garbiketa edo ingurumen sektoreetan.

Herri laguntzaileen kasuan, herritarrekin hitz egiteko bezain besteko euskara maila izan beharko dute, eta gutxienez urtebeteko esperientzia jende aurrean aritzea eskatzen duten lanetan.

Izen emateak, lanbide.net webgunean argitaratuko den eskaintzan edo Amurrioko Euskal Enplegu Zerbitzuaren-Lanbideren bulegoan egin beharko dira. Izena emateko epea amaitu eta gero, eskaintzen den plaza kopurua baino eskatzaile gehiago badago, aukeraketa prozesua egingo da. Udalak 194.000 euro bideratuko dizkio Sartu-Araba Elkarteari, prestakuntza eta enplegu proiektua garatzeko.