Amurrioko Udalak beste gizarte langile bat hartuko du, Gizarte Zerbitzu Saila indartzeko

26 Urria 2018

Amurrioko Udalak beste gizarte langile bat izango du datorren urtetik aurrera, Gizarte Zerbitzuen Sailean orain arte eskaintzen ari den zerbitzua indartuz.

Arabako Foru Aldundiak 2017an egin zuen Arabako Landa inguruko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako lan kargei buruzko azterlana kontuan izanda, Amurrioko Gizarte Zerbitzuek, espediente kopurua eta lan karga kontuan izanda, behar besteko hornidura dute, langileei dagokienez. “Datu objektiboetan oinarrituta, langile kopurua behar bestekoa da, baina uste dugu hobekuntzarako tartea daukagula, herritarrekiko kudeaketa arinduko lukeen zerbitzuaren prestazioan”, azaldu du Josune Irabien alkateak.

Amurrioko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak 3 gizarte langile, Sartu bitartez lanean ari den gizarteratze teknikari bat eta gizarte ongizateko administrazio laguntzaile bat ditu gaur egun. Horrez gain, kabinete psikopedagogikoaren laguntza du eta lankidetza hitzarmena du sinatuta Gurutze Gorriarekin.

Urtebetez, Udaletik prestakuntza berezia egin da profesionalekin, zerbitzuaren kudeaketa, itxaron zerrenda eta espedienteen izapidetzea hobetzeko xedez. Horrez gain, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) irekierak laguntza emango dio oinarrizko gizarte zerbitzuari, espedienteen izapidetzeaz eta dokumentazioa entregatzeaz arduratuko diren hiru administrazio laguntzailerekin.

Halaber, aurreikuspenak kontuan izanda, Udaletxeko beheko solairuko eskuinaldean dauden jendearen harretarako egoitzak hobetzea aurreikusita dago, gune hori Gizarte Zerbitzu Sailerako bideratuz oso-osorik.  

“Gure herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko apustu sendoa egiten dugu, Gizarte Zerbitzu Sailean batez ere, bertan beste gizarte langile bat sartzea erabaki baitugu, herritarrei eman beharreko arreta hobetu ahal izateko”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.