AMURRIOKO SALTOKIEK 6.000 EURO ZOZKETATUKO DITUZTE

6 Maiatza 2019

Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkarteak (Apymcak), Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, martxan jarriko du maiatzaren 6tik aurrera merkataritza dinamizatzeko Erosketa-karruselaren kanpaina berria. 6.000 € zozketatuko dira; 2.000 €-ko balioa duten hiru erosketa-bonutan banatuko da saria, eta goiz bakar batean gastatu beharko da dirua parte hartzen duten saltokietan erosketak eginez.

Beren erosketak kanpainara atxikitako saltokietan egiten dituzten bezeroek zozketa horretan parte hartzeko txartel bat jasoko dute. Zozketa bakoitzerako txartelek kolore ezberdinak izango dituzte, eta Apymcak Kultur Etxean jarritako kutxan sartu beharko dira. Zozketak maiatzaren 20an, ekainaren 3an eta ekainaren 17an izango dira. Zozketan irabazle suertatzen direnek goiz bakar batean gastatu beharko dute 2.000 €-ko balioko erosketa-bonua kanpainara atxikitako Amurrioko saltokietan. Honako goiz hauetan egin ahal izango dira erosketak: maiatzaren 24an eta ekainaren 7an eta 21ean. Informazio guztia eta parte hartzeko oinarriak www.apymca.com webgunean daude eskuragarri