Amurrioko osasun zentroak beste pediatra bat izango du

13 Otsaila 2018

Atzotik aurrera, Amurrioko osasun zentroak hirugarren pediatra du. “Osasun Sailetik, udalerriko anbulatorioan beste profesional bat jartzeko hartu zuten konpromisoari erantzuna eman izana asko pozten gaitu. Gainera, pediatria zerbitzuak Aiarako eskualde osoari zuzenduta dago”, azaldu du Miren Josune Irabienek, Amurrioko alkateak.

Horrela, Osakidetzaren helburua Aiarako Lehen Arreta Unitateko osasun zerbitzua hobetzea da. Pediatria zerbitzua zabaltzeak, beste profesional bat gehituz, kalitatezko arreta bermatuko du erabiltzaileentzat.

Funtzionalagoa den eta arreta antolakuntza berrira egokituta dagoen anbulatorio berriak joan den irailaren 11n ireki zituen ateak, egungo beharrei erantzuteko, kontsulta gehiagorekin, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako espazioekin eta itxaron gela zabalagoekin.