Amurrioko liburutegiak haurrek aire zabalean irakurtzea sustatuko du Juan Urrutia udal parkean

7 Ekaina 2019

Parkeko Txokoa programaren jarduera bat da eta haur literaturako lan berriak eskainiko dira.

Haurrek aire zabalean irakurtzea sustatzeko zerbitzua Amurrioko udal liburutegiaren ekimenetako bat da. Liburutegia orain dela hogeita lau urte hasi zen zerbitzu hori eskaintzen Juan Urrutia parkean, lau eta hamabi urte bitartekoen artean irakurketa sustatzeko. Zerbitzuaren izena Parkeko Txokoa da, eta ekainaren 10etik uztailaren 24ra bitartean egingo da Juan Urrutia parkean, astelehenetik ostiralera,16:45etik 19:45era.

Zerbitzuaren helburua da liburutegi-zerbitzua uda sasoian egokiagoa den ingurune batean eskaintzea, eta parkea lekurik egokiena da irakurketa sustatzeko, udan han biltzen baitira umeak. Berdegune horretan jarri den etxolan gazte literatura, eleberriak, komikiak eta joko-liburuak egongo dira umeen eskura. Gainera, hamabostean behin eskulan- eta irakurketa-tailerrak egongo dira. Bestalde, liburutegiaren txartelarekin (doakoa da) liburuak maileguan hartu ahal izango dira.