Amurrioko ikasleek Master Txiki gastronomia jardueran hartuko dute parte bigarren urtez jarraian

14 Ekaina 2018

Amurrioko Udalak Master Txiki jarduera gastronomikoaren bigarren edizioa antolatu du. Ekainaren 15eko goizean egingo da Juan Urrutia plazan. Ekimen horren bitartez, Udalak baserritarren merkatua sustatzea eta gertuko kontsumoari buruz kontzientziatzea bilatzen du.

Ekimen horretan, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek zenbait plater prestatuko dituzte, osagai nagusia pasta izanda. Ondoren, herriko jatetxeetako sukaldaritzako profesionalek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu. Jarduera Juan Urrutia plazan egingo da, 10:30etik 12:00etara.

Aresketa Ikastolako, Lucas Rey Ikastetxeko, Colegio Virgen Niñako eta Zabaleko Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek hartuko dute parte. Talde bakoitzak lau azpi-talde izango ditu. Bat Erosketen Taldea izango da, eta errezetaren osagaiak erosteko baleak jasoko ditu, ostiraletan egiten den baserritarren merkatuan erabiltzeko. Bigarrena Sukaldeko Taldea izango da, eta erositako osagaiak erabiliz lau pertsonarentzako errezeta egiteaz arduratuko da. Hirugarrena Platera Muntatzeko eta Apaintzeko Taldea izango da, eta bere lana epaimahaiaren aurrera eraman beharreko lau errazioak apaintzea eta aurkeztea izango da. Azken taldea Kazetarien Taldea izango da, eta, mikrofonoa eskuetan, prestatzen ari den errezetaren berri emango dute, ekoizleak elkarrizketatzeaz gain.

Gastronomiaren inguruko jardunaldi ludiko horren bitartez, Amurrioko Udalak zenbait helburu bilatzen ditu, tokiko eta denboraldiko produktuen kontsumoa bultzatzea, belaunaldi berriak gertuko kontsumoaren garrantziari buruz kontzientziatzea eta ostiraletako baserritarren merkatua sustatzea, besteak beste.