Amurrioko eskola-umeek Master Txiki jarduera gastronomikoan parte hartuko dute ekainaren 16ko goizean, Juan Urrutia plazan

13 Ekaina 2017

Egitasmo honen bidez, Udalak baserriko merkatua sustatu eta hurbileko kontsumoari buruzko kontzientzia zabaldu nahi du

Amurrion ekintza berri bat egingo da ekainaren 16an Udalaren eskutik: Master Txiki. Egitasmo horretan, ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haurrek osagai nagusitzat pasta duten platerak prestatu beharko dituzte. Herriko jatetxeetako sukaldariek osatuko dute epaimahaia. Juan Urrutia plazan egingo da jarduera, 10:30etatik 12:00etara.

Honako hauek hartuko dute parte: Aresketa Ikastolako eskolaz kanpoko sukaldaritzako bi taldek, Lucas Rey Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako beste bik, Virgen Niña Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi taldek eta Zabaleko Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako talde batek. Talde bakoitza lau azpitaldetan banatuko da. Lehenengoa Erosketen Taldea izango da. Horrek txartelak jasoko ditu errezetarako osagaiak baserritarren ostiraletako azokan erosteko. Bigarrena Sukaldeko Taldea izango da. Talde horrek errezeta prestatuko du erositako osagaiekin, lau pertsonentzat. Hirugarrena Muntaketa Taldea izango da. Horrek platera muntatu eta apainduko du, epaimahaiko kideei lau platerak behar bezala aurkezteko. Eta azkena Kazetarien Taldea izango da. Talde honen zeregina izango da egiten ari den errezeta mikrofono bidez transmititzea eta egileei elkarrizketak egitea.

Helburuak

Gastronomiaren inguruko egun ludiko honen bidez, Amurrioko Udalak hainbat xede lortu nahi ditu: bertako eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatzea eta belaunaldi berriei hurbileko kontsumoaren garrantziari buruzko kontzientzia piztea eta baserritarren ostiraletako azoka sustatzea.