Amurrioko Biodibertsitateari buruzko Jardunaldiak

13 Maiatza 2015

Jardunaldietan, landa-txangoak antolatuko dira nagusiki: maiatzaren 17an (igandea), eta maiatzaren 23an eta 30ean eta ekainaren 6an eta 13an (larunbatak) egingo dira. Irteera horien osagarri, Ornitho plataformari buruzko hitzaldia emango da maiatzaren 22an, katekesi-aretoan; hitzaldian, egingo ditugun landa-txangoetako faunari buruzko behaketak Ornitho plataformaren bitartez partekatzeko oinarriak ezarriko dira.

MAIATZAK 17, IGANDEA

10:00 – 14:00 “Txango gidatua: atlantikoko erkameztiak, Kantauri itsasoaren ertzeko baso submediterraneoa”

Peio Urrutia jauna: Arabako Natura Institutuko botanikaria.

Aiarako haran kantabriarretan "alepo haritza" esaten zaio erkametzari, eta batik bat substratu tuparrizaleen gainean sortzen ditu basoak. Oro har, oin gazteko basoak dira, anduitik ernaberrituak askotan; alabaina, oin helduagoko masak ere aurki daitezke, berezi egiten dituzten endalar-liana handiak dituztenak.  Txangoan, bada, baso gazteak zein helduagoak ikusiko ditugu, formazio horren ezaugarri tipikoenak dituztenak.

Hasteko, Aiarako Izoria herritik igoko gara, Etxaurren ermitaraino (Eskoritas mendiaren behealdean dago); gero, irteera-leku berera itzuliko gara.

Guztira, joan-etorri, 6 km inguruko ibilbidea da. Igoerako desnibela 300 bat metrokoa da. Egokia da 6 urtetik gorako haurrentzat.

Argazkilarientzat gomendatua.

MAIATZAK 22, OSTIRALA

19:00 – 20:30: "Biodibertsitatearen aldeko plataformak: www.ornitho.eus

Juan Arizaga jauna: Biologian doktorea eta Aranzadiko eraztunketa-bulegoko zuzendaria.

Www.ornitho.eus ataria Interneteko plataforma bat da, helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko faunaren inguruko behaketen erregistroa estandarizatzea, biltzea eta hedatzea. Www.ornitho.eus atariaren kasuan, honako talde hauei dagozkien oharrak erregistra ditzakezu orain: himenopteroak (Asiako liztorra), bibalbioak (zebra-muskuilua), burruntziak, tximeletak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak. Plataforma publikoa da, herritarren partaidetzari irekia, eta herritarrek zientziari eta gure natura-ondarearen kontserbazioari egiten dioten ekarpenaren adibide garbia.

Plataforma hori erabiliko dugu txango guztietan, jasotzen ditugun behaketak gehitzeko.

MAIATZAK 23. LARUNBATA

09:30 –14:00: “Txango gidatua: basoen kudeaketa eta ustiapena Aro Modernoan; bisita Jaro Pardiora, XVIII. mendeko mintegira”

Juanjo Hidalgo jauna: historialaria eta arkeologoa, Aunia Kultura.

Behe Erdi Arotik bertatik, baina batez ere Aro Modernoa hastean, basoa oso ondo antolatuta eta zorrotz araututa egon zen, gehiegi ustia ez zedin. Izan ere, errege-erreginen asmoa zen zurezko pieza on nahikoa edukitzea itsas armadarako itsasontzi berriak egiteko. Araupetze horren ondorioak Amurriora ere ailegatu ziren, Armuruko Batzarraren Bost Kontzejuen Mendi Ordenantzen bidez. Horren aztarnak igar daitezke udalerriaren zati handi batean, toponimia eta mintegi zaharren geldikinak aztertuta, bai eta oraindik zutik dirauten zuhaitz motz ugariei erreparatuta ere. Horren guztiaren berri emango dugu Jaro Pardiorako bisitan, Arregikozelain.

Guztira, joan-etorri, 8 km inguruko ibilbidea da. Igoerako desnibela 300 bat metrokoa da. Egokia da 6 urtetik gorako haurrentzat.

Argazkilarientzat gomendatua.

MAIATZAK 30, LARUNBATA

09:00 – 14:00: Hegaztiak behatzeko txangoa Maroñora

Mario Corral Sáenz de Biteri jauna: naturalista.

Maroñoko urtegiaren inguruan harkaizti handiak, belardiak, landaresiak eta zuhaiztiak daude; horiek guztiek hegaztien askotariko fauna behatzeko aukera paregabea ematen digute. Prismatikoak eta oinetako onak soinean, urtegiaren inguruan ibiliko gara ahalik eta espezie gehienak identifikatzeko, eta, aldi berean, haien txioez eta hegaldiez gozatuko dugu.

Egokia da jende ororentzat.

EKAINAK 6, LARUNBATA

10:00 – 14:00 Burruntziak identifikatzeko txangoak Delikara

Jose Antonio Gainzarain eta Mario Corral Saez de Biteri jaunak: naturalistak.

Eremu hezeak, ibaiak, errekak, putzuak eta urtegiak biodibertsitateari bide emateko oinarrizko ekosistemak dira. Inguru horietantxe garatzen da “burruntzi” zein “txitxi-burruntzi” deritzen intsektu interesgarri eta askotarikoen bizitza. Txango atsegin horretan, izaki hegodun zoragarri horiek aurkitzen eta identifikatzen ikasiko dugu. Prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Egokia da jende ororentzat eta gomendagarria naturako argazkigintzaren zaleentzat.

EKAINAK 13, LARUNBATA

10:00 – 14:00: Ibilaldia Nerbioiko parke linealean zehar, ibaiertzeko ekosistemaren behaketa eta boluntariotza-eguna (igerilekua egokitzea, anfibioak hazteko)

Mario Corral Sáenz de Biteri jauna: naturalista.

Nerbioiko parke linealaren iparraldean (Amurriotik igarotzen den tartean) duela gutxi egin den egokitzapenak aukera ezin hobea ematen digu ibaiarekin lotutako ekosistemen kontserbazio-egoera ezagutzeko. Izan ere, jarduera ekonomikoen eraginez nola aldatu diren ikusiko dugu, eta, halaber, azpiegitura batean uretako flora eta fauna kolonizatzea ahalbidetuko dugu; horrela, eremu heze bilakatuko da, eta biodibertsitatea lehengoratu egingo da.

 

Flora eta fauna behatzeko txangoetara joateko, izena eman behar da Amurrioko Udaleko Ingurumen Sailean, txangoaren egunaren aurreko ostegunera bitartean. Izena ematen duen jende-kopuruaren arabera, autobusez edo partekatutako auto partikularrez bertaratu beharko da irteera-lekuetara. Txango guztiak Antzokiko disuasio-aparkalekutik abiatuko dira (telefonia-eraikinaren albotik). Ahal dela, eraman arropa eta oinetako erosoak, fauna behatzeko prismatikoak eta hamaiketakoa egiteko ogitartekoa.