Amurriok zenbait jarduera eskainiko ditu maiatzean eta ekainean, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

15 Maiatza 2019

Amurrioko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, datorren ostiralean, maiatzaren 17an, hasiko den programazioa prestatu du, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Jarduerak ekainaren 28ra, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunera, arte luzatuko dira. Programatutako jardueren bitartez, sexu orientazioaren edo genero izaeraren ondoriozko bazterkeriaren kontra sentsibilizatzea eta borrokatzea bilatzen da.

Ostiral honetan emango zaio hasiera programazioari, banderak jarriz udal eraikinetan, eta eguerdiko 12:00etan Juan Urrutia plazan egingo den elkarretaratze instituzionalarekin. Horrez gain, ostiraletik ekainaren 9ra, Bañueta kiroldegiak, gayek, lesbianek, transexualek eta beste gutxiengo sexual batzuek euren eskubideen defentsan aurrera eraman duten borroka markatu duten une batzuk erakusten dituen “Borroka baten koloreak” erakusketa jasoko du.

Liburutegiak “Neska-mutilak. harremanak” izeneko ipuin-kontalari saioa jasoko du maiatzaren 21ean, 17:00etan. Hainbat istorioren bitartez, ortzadar bandera edo sexu bereko pertsonen arteko harremanak onartzen eta euren generoarekin zelan sentitzen diren ikusten erakutsiko dute, errespetua lantzeko helburuz, bizikidetza sustatuz. Amurrioko DBHko 2., 3. eta 4. mailako ikasleek Homofobiari, Transfobiari eta Bifobiari buruzko hitzaldi batean hartuko dute parte maiatzaren 22an, goizeko 11:00etan, Antzokian.

Ekainaren 3an, Antzokiak, “Bide zuzenak, ibilbide okerrak” dokumentalaren emanaldia jasoko du. Gasteizko eta Arabako LGTBI mugimenduen azken 25 urteetako historia kontatzen du. Emanaldia 20:00etan izango da, doako sarrerarekin. Ekainaren 7an

“Revista-cabaret trans, con le Enfermera Asesina y Montse Villana” antzezlana eskainiko da Antzokian. Ikuskizunerako sarrera ere doakoa izango da.

Amaitzeko, ekainaren 28an, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, LGTBI banderaren koloreak dituen biniloa jarriko da Landaburu kalean dagoen markesinan.