Amurriok onetsi egin du udalaren jabetzako larre-erabilerarako hainbat partzela lote errentan emateko prozesua.

13 Iraila 2017

2012an Amurrioko Udalaren jabetzako luberrietako eta partzeletako animaliak elikatzeko larreak esleitu zitzaizkien udalerriko hainbat abeltzaini, eta amaitu da jada larre horiek aprobetxatzeko epea. Hori dela eta, onetsi dira partzela horiek berriro errentan emateko Administrazio Klausulen Pleguak. Denera, 20,16 hektareako 6 lote dira, eta leku hauetan daude banatuta: Mendeika (Alto Santa Cruz), Alto López (Alto Letobe), Basatxi, Santa Cruz-Pazorba, Venta Trigueros y Mendiguren.

Nagusiki estentsiboak diren abeltzaintza-sistemek lotura oso zuzena dute lurraldearen kudeaketa jasangarriarekin; izan ere, ondo gauzatutako artzaintzako ganaduak balio natural altuko habitatak, espezieak eta paisaiak mantentzen laguntzen du; horiek gabe, habitat eta paisaia horiek sinpleago eta itxiago bihurtuko lirateke, irisgarritasunak okerrera egingo luke, eta arrisku handiago izango lukete suteak jasateko.

Aprobetxamendurako larreak berriro esleitzea komeni dela uste da, ingurumenaren aldetik garrantzitsuak direlako: habitaten aniztasuna ekartzen diote basoko florari eta faunari, eta eginkizun garrantzitsua dute bioaniztasuna kontserbatzen, lurzoruak babesten eta karbonoa biltegiratzen; halaber, larre horiek garrantzitsuak dira Amurrioko abeltzaintza-ustiategietarako.

Larreen erabilera 5 urterako esleituko da, eta beste bost urtez luzatu ahal izango da esleipena, betiere errentamendu-prozesuan eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badira. Interesa dutenek pleguetan jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, horien artean luberria dagoen udalerriko herritar izatea, bertan nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi bat izatea, Aldundiko Abeltzaintza Erregistroan alta emanda egotea, eta 10 ALUko (azienda larri unitateak, 10 behi-bururen baliokidea) edo hortik gorako abere-zama izatea.

Eskaintzak administrazio-klausulen pleguan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dira, udaletxeko sarrera-erregistroan, 15 egun naturaleko epean, iragarkia ALHAOn argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Zein lote nahi den adierazi behar da, eta pleguetan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, bertan zehazten den formatuan. Partzela horretarako eskaintza ekonomikoak irteerako urteko prezioa baino altuagoa izan beharko du.  

 amurrio