Amurriok materia organikoa jasotzeko beste bi puntu izango ditu

14 Martxoa 2018

Amurrioko Udala materia organikoaren gaikako bilketarako gero eta puntu gehiago ari da instalatzen. Duela denbora gutxi beste bi edukiontzi jarri ditu, Abiagabarri kalean eta Tren Geltokiaren plazan eta, ondorioz, gaur egun bilketarako 18 puntu daude. Urtean zehar, udalerrian bilketarako puntu gehiago instalatzea aurreikusten da.

Herritar guztiak daude ekimenarekin bat egitera gonbidatuta. Interesatuek dagokien kita jaso ahal izango dute, materia organikoa edukiontzi marroian uzteko, eta baita errefortzuko konpostaje poltsak ere, programatu diren bi informazio puntuetan.

Lehenengoa martxoaren 17an, larunbatean, izango da, Tren Geltokiaren plazan, goizeko 10:30etik 13:30era. Martxoaren 22an, ostegunean, bigarren informazio jardunaldia izango da Abiagabarri kalean, 17:00etatik 20:00etara.

1.500 familia baino gehiagok egin dute bat

2014an martxan jarri zen materia organikoaren bilketarako zerbitzuak harrera bikaina jaso du herritarren, ikastetxeen eta merkatarien aldetik. Amurrioko 1.500 familia eta merkataritzako 50 establezimendu baino gehiagok bat egin dute jadanik zerbitzu horrekin, udalerriko ikastetxe guztiez gain.

2017an, Amurriok gaikako 51,13 tona materia organiko bildu zituen, urtero gero eta handiagoa den kantitatea. Zaborraren %50 baino gehiago materia organikoa da eta, ondorioz, bereizketa ezinbestekoa da hondakindegira bidalitako hondakin kantitatea murrizteko.

Gaur egun, Amurriok materia organikoa biltzeko 18 edukiontzi ditu: Aldain, Virgen Niña ikastetxearen irteeran; Araba 5ean; Boriñaur 1ean; Etxegoien 4an; Jose Madinabeitian; Landaburu, 26an; Landako 17an; Rey kalean, Lucas Rey ikastetxearen irteeran; Mendiko 11n; Zabaleko 2an; Etxegoienbidean, Aresketa Ikastolaren irteeraren ondoan; Felix Murgan, postontzien ondoan; Zabalekon, San Jose auzoan; Etxeguren Gotzainaren plazan; Zaraobe ikastetxean, Etxebarriaur kaletik dagoen sarbidean; San Anton plazan; eta Abiagabarri kalean eta Geltoki plazan instalatu diren biak.