Amurriok, Landa Inguruko Eguneko Arreta zentro bat eraikitzea eta eraikin bat gizarte eta kultura zentro gisa egokitzea eskatu du Foru Planean

17 Maiatza 2019

Amurrioko Udaleko osokoak, Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzu Foru Planaren 2020-2021 programaren barruan bi lan egiteko laguntza eskaria onetsi du. Proposatutako jarduketen barruan, Landa Inguruko Eguneko Arretako Zentro (LEAZ-CRAD) bat eraikitzea eta Forua kaleko 9ko eraikina gizarte eta kultura zentro gisa egokitzea daude.

Mendiko kalean Landa Inguruko Eguneko Arretako Zentroa eraikiz, udaleko gizarte zerbitzuetatik eskatzen diren beharrak bete nahi dira. Zentro berriak, gaur egun dauden 15ak baino plaza gehiago izango lituzke.

Obra hori egiteko aurrekontua 1.067.620,30 eurokoa da, eta egikaritze epea urtebetekoa da.

Aldundiaren laguntza eskatu den bigarren lanak, Forua kaleko  eraikina zentro soziokultural gisa egokitzea planteatzen du. 1976an udal azoka gisa eraiki zen, eta hainbat urte erabili gabe igaro ondoren, egokitzea aurreikusten da, zenbait erabilera izango dituen gune anitz gisa, azokak, erakusketak, jokoak edo kontzertuak, besteak beste. Horren ondorioz, une honetan aparkalekua den ingurunea urbanizatu egin ahal izango litzateke.

Obrak 894.770,58 euroko inbertsioa eskatuko luke, eta egikaritze epea urtebetekoa da.