Amurriok hitzarmen bat sinatu du Amukatu elkartearekin

7 Iraila 2017

gatos

Amurrioko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du duela gutxi irabazi asmorik gabeko Amukatu elkartearekin. Amukaturen helburua da udalerriko katu-kolonien egoera kontrolatzea eta hobetzea.

Amukatuk honako lan hauek egiten ditu: kale-katuak harrapatzea, esterilizatzea eta askatzea; kolonien saneamendu higieniko-sanitarioa egitea; bizi diren lekua egokitzea; eta katuen oinarrizko beharrak asetzea (mantenua, adibidez), kolonien ongizatea bermatzeko.

Hitzarmenaren bitartez, elkarteak Amurrioko kale-katuen koloniak Kontrolatu eta Esterilizatzeko Urteko Plana garatuko du. Horri dagokionez, hitzarmenean jasotzen da gaur egun ezarrita eta kontrolpean dauden kolonien azterketa xehatua egingo dela, bai eta etorkizunean ezarri daitezkeenena ere. Era berean, kolonien inbentario dinamikoa egingo da, ezarritako kolonia bakoitzean eta etorkizunean sor daitezkeenetan dauden gutxi gorabeherako katu ar eta emeen kopurua jasotzeko.  

Amukatu Elkarteak animaliak jasotzeko, artatzeko eta zaintzeko ardura hartzen du. Hori dela eta, katuak jasotzeko plana ezarri eta garatuko du Aiarako Kuadrillako edo hurbileko Albaitaritza Zentroekin lankidetzan, katuak jaso ondoren klinika horietara eraman ahal izateko. Kliniketan, albaitari elkargokideek katuen osasunari buruzko balorazio orokorra egingo dute, eta, hala badagokio, esterilizatu eta identifikatu egingo dituzte, belarrian gerora identifikatu ahal izateko ebaki bat eginez.

Animaliak jasotzeko eta garraiatzeko lanak Amukatuko boluntarioek egingo dituzte, albaitaritza zentro laguntzaileekin koordinazioan. Horretarako, material hauek erabiliko dituzte, besteak beste: tranpa-kaiolak, garraio-kutxak, esku-argiak, eskularruak, arropa egokia, botika-kutxa, prismatikoa, harrapatzeko jakiak, mantak eta garraiatzeko ibilgailua. Katuak instalazio egokietan eta albaitaritza zentro laguntzaileen ikuskaritzapean zaindu eta tratatuko dira. Beharrezkoa den epea emango dute han, inoiz ez gutxiago, animaliaren osasun bikaina bermatzeko. “Inola ere ez dira animaliak sakrifikatuko gaixotasuna tratamendu egokiarekin gainditzeko aukera badute. Gainerako animaliak garbitu, tratatu eta esterilizatu egingo dira, ebakuntza-ondoa eta osatzea erraztuko eta arinduko duten teknikak erabiliz”, azaldu dute Amukatu Elkartekoek.

Animalia guztiei fitxa bat irekiko zaie, identifikazio-zenbakiarekin eta biziko diren koloniaren izen eta kokapenarekin.

Amukatu Elkarteak garatuko dituen lan eta jarduketen plangintza egun ezarrita eta kontrolpean dauden kolonietan zentratuko da. Nolanahi ere, aurrerantzean sor daitezkeen kolonietara ere zabalduko du bere lanaren oinarria, etorkizunean dituzten baliabideen arabera.

Dokumentu errubrikatuan, gainera, kolonien egokitzapena eta ikuskaritza aipatzen dira, eta horri dagokionez, Amukatuk kolonia bizi den lekua egokitzeko konpromisoa hartzen du, beharrezkoa bada.

Azkenik, Elkarteak informatzeko, sentsibilizatzeko eta hedatzeko kanpaina bat jarriko du martxan. Horren barnean, hitzaldiak, informazio-mahaiak, etab. egingo dira, elkartetik gauzatzen diren lanak herritarrei une oro helarazteko.

“Azpimarratu behar da HEA metodoa (harrapatzea, esterilizatzea eta askatzea) erabiltzen denetik, Amurrioko katu-kolonien egoera nabarmen hobetu dela. Eta jakina, hori egunero lanean aritzen diren boluntarioen esfortzuaren emaitza da”, adierazi du Amurrioko alkate Josune Irabienek