AMURRIOK GORABEHERARIK GABEKO JAI LASAIEN ALDEKO APUSTUA EGITEN DU

10 Abuztua 2018

Igande honetan, abuztuaren 12an, hasiko diren jaietarako bi egun baino falta ez direnean, giro bikainaz eta gozamenaz betetako sei eguni hasiera emango dien txupinazoa botatzeko falta diren minutuak ari da zenbatzen Amurrio. Abuztuaren 17ra arte luzatuko den egitaraua jende guztiarentzako jarduerez beteta egongo da. Musika onenaren, kaleko antzerkiaren, kirol jardueren, ohiko karroza lehiaketaren eta gastronomia lehiaketen inguruan, besteak beste, Amurriok gorabeherarik gabeko jai lasaien aldeko apustua egiten du. Hori da azken hilabeteetan, jai batzordearen eta Amurrioko zenbait talderen partaidetzarekin, prestatu den programazio anitzaren helburua.

Hori da gaur goizean herriko Udalean deitu den Bozeramaleen Batzarraren barruan zabaldu den mezua. Bertan, jaiei inolako gorabeherarik gabeko txupinazoarekin hasiera emateko beharra azpimarratu da. Izan ere, Batzar horretan azpimarratu denez, Amurrioko koadriletako batek, ekitaldia errebindikazio une bilakatu nahi du, une honetan terrorismoaren apologia dela eta kondena betetzen ari diren Amurrioko bi gazte presoren alde.

Planteatu den egoera ikusita, Udal gobernu taldeak eta Bozeramaleen Batzarreko hainbat kidek adierazi dutenez, ahalegin guztiak egingo dituzte hori gertatu ez dadin eta 2005ean izandakoak bezalako gertakariak errepika ez daitezen. Urte hartan gertatutakoaren ostean, epai bidezko prozesua ireki zen, eta horren ondorioz Udaleko zenbait langilek, herritarrek, eta politikarik epailearen aurrean deklaratzera joan behar izan zuten. 2005ean, Amurrioko koadrilen ordezkariei ohikoak diren bandak jartzeko orduan, koadriletako batek bi preso izendatu zituen euren ordezkari eta, presoak bertan ez zeudenez, kartoizko bi irudiren bitartez irudikatu zituzten. Gertakari horiek epaitu egin ziren, terrorismoa goratzea omen zirelako. Aurten egoera hori saihestu nahi da, edozein gorabeheratik urrun egongo diren eta soilik denen gozamenerako pentsatuta egongo diren jaien aldeko deia eginez. 

Josune Irabien Amurrioko alkatearen berbetan, “gure eskuetan dauden neurri guztiak jarriko ditugu gertakari haiek errepikatu ez daitezen, txupinazoaren unean Udalean egiten den ezerk salaketa eragitea saihestuz, udal langileek euren buruak epai bidezko prozesuan sartuta ikusteko arriskurik izan ez dezaten”.