Amurriok genero-ikuspuntutik aztertuko du etorkizunerako hirigintza-planeamendua.

4 Abuztua 2017

urbanismo género

Hirigintzak herritarren bizimodua baldintzatzen du. Hori ukaezina da. Ukaezina da, halaber, emakumeen eta gizonek gizartean betetzen dituzten rolen arteko desberdintasuna. Hala ere, baliteke herritarrentzat hain bistakoa ez izatea hirigintzaren eta generoaren arteko lotura.

Hirigintza-planeamenduak eragin zuzena du herritarren bizimoduan: zaintza-lanak egitea erraz dezake (esate baterako, espaloiaren zabalera nahikoa bada gurpil-aulkiak edo orgatxoak bertatik igarotzeko); laneko, administrazioko, familiako eta norberaren lanak lotu ditzake; enplegua sortzen den lekuetara, aisialdi-guneetara eta abarretara iristea ahalbidetzen du...

Hala ere, “hirigintza esparru maskulinizatua da; hori dela eta, garrantzitsua da parte hartzeko prozesu bat gauzatzea, Amurrioko emakumeek aukera izan dezaten udal-planeamenduari buruz dituzten usteak, iritziak eta beharrizanak adierazteko", esan du Estíbaliz Sasiainek, Berdintasuna eta Adinekoak saileko zinegotziak.

Ildo horretatik, datozen hiletan hirigintzaren arloko diagnostiko bat eta lan-plan bat egingo dira, eta horiek lotura zuzena izango dute Lurralde Antolamendu arloko Obrak eta Hirigintza saileko profesionalek erabiltzen duten antolamendu-dokumentuarekin.

Horren helburua da integrazio-prozesu bat gauzatzea, hirigintzaren eta generoaren arloko diagnostikoetan eta parte hartzeko prozesuetan lortutako ondorioak eta jarduketak hiri-antolamenduan eragiten duten tresna eta planifikazioetan txertatzeko (kasu honetan, HAPOn).

Horretarako, bi estrategia hartuko dira. Alde batetik, aurrekariak aztertuko dira, hau da, dagoeneko badauden dokumentazio-datuak jasoko dira. Beste alde batetik, ekintza parte-hartzaileko ikerketa metodoa erabiliko da; horren bitartez, udalerriko emakumeek elkarlanean eta hausnarketaren bitartez informazioa sortzea lortu nahi da.