Amurriok “Amurrioko Hiribilduko 2019” argazki lehiaketa eta arte sariketa antolatu ditu

16 Maiatza 2019

Amurrioko Udalak “Amurrioko Hiribilduko 2019” argazki lehiaketa eta arte sariketa jarri ditu martxan. Bertan, 8.100 euro banatuko dira sarietan. Argazki lehiaketako lanak jasotzeko epea maiatzaren 31n irekiko da. Arte sariketari dagokionez, lanak iraileko lehen hamabostaldian jasoko dira.

“Amurrioko Hiribilduko 2019” Argazki lehiaketa

Argazki lehiaketak bi modalitate ditu. Alde batetik, gai libreko argazkiak aurkeztu ahal izango dira eta, bestetik, Amurrion eta bertako giza paisaian zentratutako gaia dutenak. Horrez gain, bilduma formatuan aurkeztu beharko dira, hau da, gaiari eta estiloari dagokienez koherentzia erakusten duten hiru argazki.

Lehiaketak edozein teknika edo prozedura digitala erabiltzeko aukera ematen du. Partaide bakoitzak argitaratu gabeko bi bilduma baino ezin izango ditu aurkeztu modalitate bakoitzeko. Lanak jasotzeko epea maiatzaren 31n irekiko da, eta ekainaren 14ra arte luzatuko da www.amurrio.org/es/concursofotografico helbidean.

Lehiaketak 1.600 euro banatuko ditu sarietan. Gai libreko argazki bildumako lehen saria 400 €-koa izango da, eta bigarrenak 200 € jasoko ditu. Amurrioko argazki bildumako irabazleari dagokionez, 800 € jasoko ditu, eta bigarrenak 200 €.

“Amurrioko Hiribilduko 2019” Arte Sariketa

Arte Sariketan, partaide bakoitzak duela denbora gutxi egindako jatorrizko bi artelan aurkeztu ahal izango ditu, teknika eta gai librea erabiliz. Artelanak La Casonako erakusketa aretoan jasoko dira, irailaren 2tik 13ra. Irailaren 27an sariak banatu ondoren, artelanak La Casonan erakutsiko dira.

Sariketak 6.500 euro banatuko ditu sarietan, eta eskultura bat irabazle bakoitzari. Lehenengo saridunak 4.000 € jasoko ditu, eta bigarrenak 1.500 €. Horrez gain, 1.000 €-ko sari bat banatuko da parte hartzen duten amurrioarren artean.

Oinarriak:

Amurrioko Hiribilduko 2019ko argazki lehiaketaren oinarriak.pdf

Amurrioko Hiribilduko 2019ko arte lehiaketaren oinarriak.pdf