AMURRIO BIDEAN ELKARTEAK BERRIRO PARTE HARTUKO DU EUSKO JAURLARITZAREN GLOBAL TRAINING DIRU LAGUNTZEN PROGRAMAN

7 Uztaila 2015

Global Training Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak finantzatutako nazioarteko mugikortasun programa bat da, eta, programa horri esker, unibertsitateko edo goi mailako lanbide heziketako titulua eta 30 urte baino gutxiago duten gazteek praktikak egiteko aukera izango dute atzerriko enpresa eta erakundeetan, euren profil akademikoarekin edo profesionalarekin lotutako proiektuetan, gutxienez 8 hilabetez. Helburua da haien lanbide-prestakuntza hobetzea eta esperientzia integrala lortzea, lan-munduan errazago sartu ahal izateko.

Izan ere, aurreko edizioetan parte hartu zutenen % 80k lan munduan sartzea lortu zuten, eta gehienetan, praktikak egin zituzten leku berean.

Orain, Amurrioko bi gazte (biek ingeniaritza ikasketak egin zituzten) Erresuma Batuan eta Txekiar Errepublikan daude euren egonaldia amaitzen. Aurreko urtean hautatu zituzten diru-laguntza hauetarako.

Aurten onetsi diren 60 diru-laguntza horietarako askotariko profil profesionalak dituzten gazteak bilatzen dituzte, besteak beste, arlo hauetan: ekonomia edo EAZL, ingeniaritza, soziologia edo politikak, turismoa, marketing, kanpo-merkataritza, informatika, kazetaritza, publizitatea, kimika eta ingurumena.

Helmugako herrialdeen artean honako hauek daude, besteak beste: Europako herrialdeak (Herbehereak, Alemania, Danimarka, Frantzia, Britainia Handia, etab.), Hego Amerikako hainbat herrialde (Mexiko, Txile, Argentina, Kolonbia, Panama, Brasil, etab.) baita EEUU, Australia, Txina eta India ere.

Hautatutako pertsonek aldez aurreko prestakuntza jasoko dute, eta, horrez gain, aseguru bat eta hilabetean 1.124,77 € jasoko dituzte.

Diru-laguntza lortzeko, aipatutako titulazioa eta 2015eko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izateaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte hautagaiek: EAEn erroldatuta egotea gutxienez urtebetez, aurretik 6 hilabete baino gehiagoko egonaldiak egiteko aukera ematen duten antzeko diru-laguntzarik jaso ez izana, ingeleseko maila altua izatea (C1 lizentziadunen kasuan eta B2 goi-mailako lanbide heziketa dutenen kasuan. Proba espezifiko baten bidez egiaztatu ahal izango da), helmuga-herrialdeko hizkuntzaren maila altua izatea (beharrezkotzat jotzen bada) eta praktikak egingo diren enpresak edo organismoak eskatzen duen profilera egokitzea.

Aurtengo deialdian, 20 diru-laguntza onetsi dira Garapen proiekturako (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) eta 40 Donostiako Sustapena elkarterako. Horrenbestez, interesdunak horietako edozeinetarako egin ahal izango dute eskaera www.becasglobaltraining.eus webgunearen bitartez. Izena emateko epea ekainaren 26tik uztailaren 27ra arte egongo da irekita.

Nolanahi ere, interesdunak, informazio gehiago nahi izanez gero, Amurrio Bideanekin harremanetan jar daitezke (Reforamurrio Enpresaldea El Refor Kalea z/g- Tel. 945891721- Mail. administracion@amurriobidean.org).