104 urteko Mateo Balbuenak jasoko du Urrezko Guk saria martxoaren 10ean eta Amurrioko jaietako pregoilaria izango da abuztuan

8 Martxoa 2018

XX. mendeko gertakari nagusien ikusle eta protagonista izan da eta orain, XXI. mendean, irakurtzen eta dokumentatzen jarraitzen du bere literatura-lan berria idazteko.

104 urterekin, Lezamako bizilagun Mateo Balbuena Iglesiasek 2018ko Urrezko Guk saria jasoko du martxoaren 10ean, Amurrio Antzokian 19:00etan egingo den ekitaldi berezi batean. Amurrioko Udalak, Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkarteak (Apymca) eta Amurrio Bideanek eratutako batzordearen aukeraketa horrek literatura-lanetan udalerri honen izena zabaltzeari eginiko ekarpena aitortu nahi dio eta, gainera, adin horretan hitzaldiak eskaintzen jarraitzea balioesten du. Sari hori jasotzean, Arabako udalerri horretako zaindariaren jaietako pregoilari bihurtuko da automatikoki. Jaiak abuztuaren 12tik 17ra ospatuko dira.

Balbuena Amurrioko pertsona nagusiena da, eta bizitza zabal eta bizia izan du. Beti egon da politikan sartuta eta arlo horretan eta beste batzuetan egin dituen gogoetak hamazazpi liburutan jaso ditu, besteak beste El viejo inútil eta La sumisión de las masas lanetan. Gaur egun, dokumentatzen ari da liburu berri bat idazteko; oraingoan, Estatuari buruzkoa. “Haur zahar” deitzen dio bere buruari eta XX. mendeko eta orain XXI. mendeko gertakari nagusien ikusle eta protagonista izan da, eta izaten jarraitzen du.

Mateo Balbuena Iglesias 1913ko irailaren 21ean jaio zen Villamartín de Don Sanchon, Leónen. Aurrera jarraitzeko, goizero jaikitzeko motibazioa bilatzea aholkatzen du. Gaur egun egunero irakurtzen eta idazten jarraitzen du, Lezamako Latatu auzoko baserriko liburutegian murgilduta, eta paseoak ere egiten ditu fruta-arbolen artean. 1964an Planeta Sariko finalista izan zen gerraosteko egoerari buruzko En la espera lanarekin.

Paseo luzeak ostiralero

Osasun ona du eta hori erakutsi du ia bizitza osoan, Lezamako baserritik Amurriora oinez jaisteko ohitura izan baitu beti (sei kilometro). Ostiralero egiten zuen bide hori, nahiz eta orain garraio publikoa erabiltzen duen, duela hiru urtetik baino ez. Oinarrizko erosketak egiten ditu, baina ez du hutsik egiten Carmenen estankoan: bost Farias puru erosten ditu, etxera iritsitakoan desegin eta pipan erretzen ditu. Puru bakoitza bi egunetan erretzen du.

Orain, erronka berria lortzeko lanean ari da buru-belarri; horrela bizitzea gustatzen zaio berari. Martxoaren 10ean protagonista nagusia izango da Udalaren zinema-antzokiko agertokian, Amurrioko Urrezko Guk saria banatzeko hamazazpigarren ekitaldian. Ekitaldi hau herritar guztientzat izango da, eta Makila ere jasoko du Zaraobe Saskibaloi Taldearen eskutik, iaz hark jaso baitzuen saria.