Ondarea

 

1. Ondare monumentala.

2. Likorearen museoa.

3. Aresketamendi: Energia berriztagarrien parkea.

4. Takolin upategiak.

 

1. Ondare monumentala

Amurriok eliza eta ermita ugari ditu. Hirigunean Santa Maria Eliza dago. Tenplu zaharra du oraindik, erromaniko estilokoa, eta XIII. mende erdialdekoak edo amaierakoak izan daitezkeen arku zorrotza eta harburuak ere baditu. Hala ere, tenpluaren zati handiena Berpizkunde estilokoa da, eta XVI. mendearen erdialdean koka daiteke. Eliz oholtzak berezitasun bat du: erdiko zatia bakarrik dago urreztatuta. Azpimarragarriak dira Juan de Aranoa margolariaren eta gurutze bidea osatzen duten koadroak.

Halaber, hirigunean San Anton Ermita dago. Zin egiteko ermita izan zen, eta antzinako kontzejuak biltzeko zentroa. Antzinako idazkien arabera, horren ondoan egon zen San Anton ospitalea. Gaur egun, ostiralero azoka egiten da bere inguruan.

Nabarmentzekoak dira, era berean, bere dorretxeak eta jauregiak. Hona hemen garrantzitsuenak:

      • Urrutia jauregia: Cejudo jauregia izenez ere ezagutzen da, jauretxean bizi zen familiagatik. XVI. mendeko eraikin ederra da, eta nabarmenak dira bertako harri landuak eta lerroen garbitasuna.

      • Manuel de Ugarte y Oruak, Santiagoren ordenako zaldunak, agindu zuen Ugarte dorretxea eraikitzea 1718. urtean. 1983tik Udal Kultur Etxe gisa erabili da. Nabarmentzekoak dira egur landuko hegal artistikoa eta bere ezkutua.

      • Larrako Jauregia. Gasteiztik Balmasedara zihoan eta Lezamaren eta Berganzaren artean dagoen antzinako bidegurutzearen alboan dago. Juan Ugarte jaun kapitainak agindu zuen eraikitzeko, 1640. urtearen inguruan. Nahiko ondo dago kontserbatuta, eta ideia bat ematen du, jende dirudunaren jauretxeak nolakoak ziren ikusteko.

 

2. Likorearen museoa

 

Museo del licor

Amurrioko Likorearen Museoa halako museo bakarra da Euskadin. 1831n sortutako Manuel Acha destilategiaren ibilbidea jasotzen du, eta honako marka hauek ditu, besteak beste: Karpy likorea eta Sierra de Orduña patxarana. Likorearen museoak edabeen fabrikazioak historian izan duen ibilbidea erakusten du. Bertan daude mende hasieran erabiltzen ziren upelak, kontabilitate liburuak, XX. mende hasierako publizitate materiala eta 60ko eta 70eko Karpy txirrindularitza talde profesionalaren erreferentziak (kamisetak, bizikletak).

 

3. Aresketamendi: Energia berriztagarrien parkea

 

Aresketamendi

Energia berriztagarrien Aresketamendi parkea, aireari, eguzkiari, eta biomasari eskainita dago, 26 energia gailuri esker. Bertan, haurrek zein helduek euren kasa probatu eta egiazta dezakete tresna horien funtzionamendua. Amurrio udalerriak, iraunkortasunaren alde eginiko apustu irmoa dela eta, "Aresketamendi" mendixkaren inguruko zati bat eraldatu eta modu didaktikoan eta ludikoan eguzkiari, urari, haizeari eta biomasari lotutako energia berriztagarriak transmititzeko gune bihurtu du.

Parkea aire zabaleko 22.600 m2-ko gune batean dago, eta bertan forma espirala duen ia 1 km-ko egurrezko igarobide batek parkeko gune desberdinetara eramaten gaitu. Horietan, gailu ugari, parte hartzeko hainbat tramankulu, maketak eta panelak aurkituko ditugu, guztiak ere ura, haizea, eguzkia, lurra eta pareko energia iturriekin lotutakoak, horiek transmititzen baitizkigute garapen iraunkorrak defendatzen dituen printzipio energetikoak.

 

4. Txakolin upategiak

 

Bodegas de Txakoli

Amurrion dago Arabako Txakolina sor markaren batzorde erregulatzailearen egoitza, eta herrian Arabako txakolina egiten duten hainbat upategi daude. Horiek bisitatzeko aukera badago, eta txakolindegia ikusteaz gain, txakolina dastatu ere egin daiteke.