Datu orokorrak

 

1. Historia.

2. Osaera.

3. Klima.

4. Biztanleria.

5. Jarduera ekonomikoa.

 

 

 

1. Historia

Amurriok oso berandu lortu zuen hiribildu-titulua (1919an), eta zenbait urte lehenago, 1842an, udala sortzea lortu zuen, Aiarako Udaletik bereizita. Datu horien arabera, garai hartan, gaur egun San Antón baseliza eta Landako auzoa dauden muinoaren inguruan bizi ziren herritar gutxiko gunea zen Amurrio.

Hala ere, aspaldi zapaldu zituzten gizakiek bazter hauek, Erretes Tudelan eta Okondon topatutako geldikinak Brontze Arokoak baitira, eta Babioko zein Peregañako gailurretan egon ziren jende-guneetan aurkitutakoak Burdin Arokoak dira.

Erromatarrek karistiarren eta autrigoien tribuen artean kokatu zuten Aiara lurraldea (eta bertan, Amurrio). Barduliarrek okupatu zituzten Gipuzkoako lurrak eta Arabako zati bat, eta baskoiek Nafarroa osoa zuten. Erromatarren aztarnak geratzen dira Alorian, Delikan, Artomañan eta Amurrioko lurzoruan bertan.

Gerora, XI. eta XII. mendeen artean, lurralde hau Nafarroako Erresumaren menpe egon zen (Ugarte 1040ean agertu zen, García V.a Najerakoak boterea zuenean), eta lehen jaunak, jatorrian, Nafarroako koroaren buruzagi militarrak izan ziren.

Ez dakigu zehazki zer esan nahi duen “Amurrio” izenak, baina izen horrekin egin zuen bat Aiarako jaunaren lurraldeekin: harriaren larreak/mendia? Foruaren gozamena izan zuen 1373tik aurrera, eta legeak eman eta negozioak erabaki zituen Zaraobeko zelaian, 1842ra arte.

Amurrio sortu zenean, eragin handia izan zuen kokapen estrategikoak; izan ere, Nerbioi ibaiaren ertzean dago, bai eta Gaztelako lurrak (artilean aberatsak) eta Kantauriko portu garrantzitsuak barnealdetik lotzen zituen bidegurutzean ere, hala Altubeko portutik nola Urduñakotik joanda. Gaur egun ere, Amurrio “El crucero” gisa ezagun da, bideen artean dagoelako.

Amurrio herriak 1463an egin zuen bat Arabako ermandadeekin, baina eutsi egin zien kapare gisa zituzten usadio eta ohiturei (Aiara lurraldeko seme-alabak baitziren, Pedro López de Ayalak 1373an sortutako maiorazkokoak). Ez zuten errege-armadei zerbitzatzeko betebeharrik (kontratatzen zituztenean izan ezik), baina pribilegio horiek 1875ean amaitu ziren, Foruak galdu zirenean.

Dirudienez, XVI. mendea goraldia izan zen herritarrentzat, tenplua handitu ahal izan zutelako eta egungo neurriak eman zizkiotelako. Ordukoak dira Armuruko zelaian biltzen ziren bost kontzejuen mendien aprobetxamendua arautzen zuten mendi-ordenantza batzuk; zehazki, 1570ekoak dira, eta erakutsi egiten dute garai hartan bertan basoak zuen garrantzia.

1793an 194 herritar bizi ziren Amurrion. Larritasun- eta kezka-garaia hasi zen orduan, haranetako herritarrek tropa frantziarren arpilatzea eta harrokeria jasan behar izan baitzituzten. Horren guztiaren aztarna da Bonaparte baserria: garai hartan Mendijur dorretxea zegoen tokiaren ondoan dago, eta han bertan egin zuen Pedro Girón jaunak bilera 1813an, Gasteizko borroka prestatzeko.

Frantziarren aurkako gerrak izandako eragin negatiboak gainditu aurretik, Amurrio izan zen Karlistaldien eszenatoki nagusia. Karlos jauna bera behin baino gehiagotan bertaratu zen (kuartel nagusia Amurrion ezarri zuen 1835ean), eta herria bere alde agertu zen. Hartara, herriak tropa isalbeldarren etengabeko bidegabekeriak pairatu behar izan zituen orduan; izan ere, herriko erregidoreak eta parrokoa bera ere espetxeratu zituzten. Garai horietan Galdós eleberrigileak Amurrioko txakolin gozoa aipatu zuen bere Vergara eleberrian, eta Arabako Aldundiak Amurriora eraman behar izan zituen errealak, “Aldundia gerran” zegoelako.

Industria-aroan, urregintza- eta likore-tailer txiki batzuek, eta trenbide- eta balbula-industriak eutsi zioten herriko ekonomiari. Egoera erabat aldatu zen altzairu-industriekin, eta horrek sortutako aukera onek beste lurralde batzuetako jendea erakarri zuten, Amurriora giza talde oparoa ekarriz. Gabriel María de Ibarrak erreformatorio bat sortu zuen 1917an: hirugarrendar kaputxinoek zuzendu zuten, eta bertan landutako psikologia-azterketek mugak gainditu zituzten. Zenbait urte geroago, katekesi-aretoa eraiki zen eta Fe Tercilla andreak ospitale bat zabaldu zuen.

Baina, nekazaritza-bizimodua zokoratu zen bezalaxe zokoratu zen hizkuntza sasoi hartan, eta euskara bazterrean geratu zen. Hizkuntza gutxika galdu zen, frantziarren aurkako gerren, karlistaldien eta gizarte-mugikortasun handiagoaren ondorioz. Egia da toponimiak eta ahozko tradizioak frogatzen dutela euskarak eragina izan zuela lurralde hauetan; hala ere, duela urte batzuk, 1775ean, Etxaurreneko Andra Mariaren jaietara etorri zen predikariak deitoratu zuen “gaur egun ez dela euskaraz egiten jada”. Azken urteotan, zorionez, herritarren kontzientzia piztu da, eta nabaritzen da euskara zertxobait biziberritu dela eta aurrera egin duela, batez ere neska-mutikoen artean.

 

2. OSAERA

Herrigune nagusiaz gain, Administrazio Batza gisa diharduten bederatzi herrigunek osatzen dute Amurrio udalerria 1976az geroztik: Aloriak, Artomañak, Baranbiok, Delikak, Larribek, Lezamak, Lekamañak, Saratxok eta Tertangak.

 

3. KLIMA

Amurrio Arabako ipar-mendebalean dago, kantauriar eskualdean, eta klima atlantikoak eragiten dio: hezea eta epela da, eta euria urte osoan banatua dago. Tenperaturak moderatuak dira: baxuenak 8-10 gradukoak izaten dira, eta altuenak 20-22 gradukoak.

 

4. BIZTANLERIA

Amurrioko biztanleriak garapen ezberdina izan du urteetan zehar. Nerbioi haranean duen kokapena dela eta, Amurrio industria-gune garrantzitsu bilakatu da apurka-apurka. Jarduera horrek bat egin du merkataritza- eta zerbitzu-jarduera tradizionalekin (barruti judizialeko burua da). Gaur egun 10.000 biztanletik gora ditu, eta dentsitatea 99,98 biztanlekoa da kilometro koadroko.

 

5. JARDUERA EKONOMIKOA

Sektorekako banaketa aktiboa da industriak udalerri honetan duen garrantziaren isla.

Nekazaritza-sektorearen barruan, erliebeak eragindako zailtasunek dakarte landutako azaleraren ehunekoa txikia izatea, eta behealdeko eremuetan dago batik bat. Hegalak baso-masez beterik daude, eta landaredi naturala goialdean geratu da. Sektore horren barnean, nabarmentzekoa da ardien eta behien garrantzia.

Industria-biztanleria aktiboak metalarekin (oinarrizko metal-lantokiak), zurarekin eta eratorriekin (tailer txikiak eta altzarien fabrikazioa), elikagaiekin, eraikuntzarekin eta abarrekin lotutako sektoreetan dihardu batez ere. Enpresa ertainak dira horiek guztiak.

Beste alde batetik, zerbitzuen sektorea espezializatua dago nolabait, Amurrio barrutiko burua delako. Herritar gehienak lanean daude.