UDALAK BI ALDAKETA EGIN DITU UDAL GAINBALIOAREN ZERGAN

Amurrioko Udalak onetsi egin du Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga (udal-gainbalioa ere esaten zaio) arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Bi aldaketa egin dira. Alde batetik, udal-ordenantza egokitu egin da, hipoteka-exekuzioaren zein ordainean ematearen kasuan, gainbalioaren zerga pertsona fisikoari edo juridikoari edo lursaila edo higiezina erosten duen erakundeari kobratzeko. Kasu gehienetan banketxeak izaten dira.

Beste alde batetik, murriztu egin da zerga horren karga. Gainbalioaren gaineko zerga honako hauen mende dago: lursailaren edo higiezinaren katastro-balioa (Arabako Foru Aldundiaren eskuduntza) eta karga-tasa (Amurrioko Udalak arautzen du). Duela zenbait urtetatik, gainbalioaren zerga kobratzean hobaria ematen da; izan ere, Udalak uste zuen, azken katastro-berrikuspena 2008an izan zenez eta lursailek eta higiezinek balio handiegia zutenez higiezinen burbuila erori ondoren, zergaren % 40ko hobari orokorra ezartzen zela, desoreka hori arintzeko. Legearen arabera, hobari hori azken katastro-berrikuspenaren ondorengo bost urteetan bakarrik ezar daiteke. Hori dela eta, 2015ean jada ezin da hobaria eman zerga horretan. Arabako Foru Aldundiaren arabera, 2017an izango da hurrengo katastro-berrikuspena; beraz, ez 2015ean, ez 2016an, ezingo da murrizketa hori ezarri. Horretarako, Amurrioko Udalak 2015ean eta 2016an aldi baterako jaitsiko du zerga horren karga.